San Telmo festak zuri-beltzean zirenekoak

Erredakzioa 2025eko apirilaren 21a

San telmo ermita, 1953an.

Santelmoak ez dira izan beti gaur egungoak bezalakoak. Zumaia herri gisa aldatzen joan den bezala, nabariak dira urteetan zehar jaiek izan dituzten aldaketak. Emakumeen parte hartzea areagotu izana da horietako bat.Santelmoetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

Marinelen jantzi urdinez eta kresal usainez janzten dira San Telmo jaiak urtero Zumaian. Data zehatzik izan ez arren, zumaiarren agendetan hutsik egiten ez duten festak dira. Gaur egungo festetan ezagunak dira herriko bandak San Telmo Martxa jotzen duen bitartean San Telmo ermitaraino egiten den prozesioa, Kofradiako plazako dantzaldiak, Itzurun hondartzako zaldiak, helduen nahiz haurren danborradak, pilota partidak, trainerilen estropadak, kontzertuak karpan, olagarro zoparen lehiaketa edota bertso saioak.

Baina santelmoak ez dira beti horrelakoak izan. Zumaia herri gisa aldatzen joan den bezala, nabariak dira urteetan zehar festek izan dituzten aldaketak; batik bat, 1953. urteko San Telmo ermitaren irudia ikusiz gero. Urte hartan bertan egin zizkioten berrikuntzak ermitari, eta, beraz, gaur egun hain ezaguna den herriko hondartzara begira dagoen ermitaren itxura erabat aldatu zen.

Gizonezkoek zein emakumeek garai hartako festetan zuten presentzia ere agerikoa da irudi zaharrak ikustean. Ez da erraza emakumeak ikustea argazki horietan, gizonezkoek festaren arlo guztiak hartzen baitzituzten. Baina bada 1955eko irudi berezi bat; hiru emakume eta haur bat arrantzalez jantzita ageri dira urte hartako santelmoetan.

Eta, hain zuzen ere, hor dago aldaketarik handiena. Izan ere, gaur egungo festak ikusita ez badirudi ere, gizonezkoak izan dira urte luzez danborradako parte hartzaile gehienak. Egun, ordea, herritar guztiek aukera bera dute festetan parte hartzeko. Eta hori da, ziurrenik, santelmoen xarma: herritarren festak direla.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide