Iritsi da herria urdinez betetzeko garaia. Zer arropa jantzi pentsatu behar ez den urteko garai hori, kasaka urdina soinean eta zapia lepoan dugularik kalera ateratzeko egunak. Lagunekin eta familiarekin egoteko uneak, umore onari bidea ireki eta errutinatik irteteko egunak.
Umetako oroitzapenak San Pedro Txiki abesbatzarekin lotzen ditut, festei hasiera ematen zien ekitaldia egiten genuen, lehen ostiralean; guretzat urteko emanaldirik bereziena zela esango nuke. Bertan ikasi nituen San Telmo martxa-ren hitzak, eta gaur egun ere abesten ditut oraindik. Jende gehienak ez du ezagutzen, eta danborradak egiten duen bertsioan zati bat saltatu behar dugun arren, moldatzen gara abesten jarraitzeko kuadrillako batzuk, baita abesbatzan ibilitako zenbait ere.
"Egunez gozatzea eta kaleko jardueretan parte hartzea lehenesten dut"
Momentu berezia iruditzen zait bai bandera igoera, baita jaitsiera ere, San Telmo Martxa-k agian nire gaztaroan ere lekua izan zuelako. Herriko musika bandan zeharkako txirula jotzen nuen, eta, beraz, behin eta berriz jotzen genuen abestia; doinu hori gorputzean geratzen da, lehen bi notak entzutearekin zirrarak gorputza hartzen dit. Abestiaren erdialdeko zatian, hitzik ez duen zatian, herri guztiak "loloo lolololoolo" abesten duen bitartean, nik "piribipipipipipi" egiten dut, txirularen partitura oroituz. Tontakeria txiki horiekin dibertitzen naiz ni. Ezin ahaztu musika bandarekin irteten nintzen garaietako San Telmo eguneko prozesioez; lehen bi izaten ziren, 08:00etan gaixoena, eta orain egiten jarraitzen dena ondoren. Onartu beharra daukat goizeko horretara behin baino gehiagotan iritsi nintzela lo gutxi eginda.
Urte luzez Ganbara tabernan egin nuen lan; beraz, urte askoan festak lanarekin lotu ditut. Gustatzen zitzaidan hori; nekagarria zen, bai, baina festak oso sutsuki bizitzearen oroitzapena dut. Lana eta festa uztartuz, eguneko ordu guztiak aprobetxatzen nituen. Jende askorekin hartu-emana izateko aukera eman zidan. Lan asko egiteko egunak izaten ziren arren, ondo pasatzen genuen; umore ona genuen lantaldean. Gau batez itzuliko nintzateke, baina lantalde harekin, e!
"Askatasunez, errespetuz eta presarik gabe bizi festak"
Gaur egun beste erritmo bat daramat; parranda ez da garrantzitsuena, nahiz eta gautxoria naizen, egunez gozatzea eta kalean dauden jardueretan parte hartzea lehenesten dut. Aurten barrika jotzen aterako naiz danborradan. Urduri joan nintzen lehen entsegura, umetan bezala. Festa parte hartzaileak ditut gustuko; zaldi lasterketan ez naiz inoiz aterako, baina etorkizunean Bertsio Gauean aritzea ez dut baztertzen (kar, kar, kar). Askatasunez, errespetuz eta presarik gabe bizi festak. Kalean ikusiko dugu elkar.
Gora San Telmo!