Zuentzat zer esan nahi dute San Telmo jaiek?
Araika Arrona: Zumaiako herriko festa nagusiak San Pedro jaiak dira, baina niretzako San Telmo jaiak dira lehenak. Gaztetatik urte osoan zehar egun horiek iristeko zain egoten gara. Niretzako kutsu berezia dute.
Mertze Izeta: Niretzat santelmoak jendeak kalean bizitzen dituen jaiak dira; sanpedroak formalagoak izaten dira.
Nola ospatzen dituzue?
A.A.: Guk lehengo urtera arte helduen danborrada antolatzen genuen; ez elkarte gisa, norbanako bezala baizik. Aurten, lehenengoz haurrena antolatzearen ardura hartu dugu. Azken finean, danborrada bat antolatzeak aurrez lan asko egitea eskatzen du: materiala errepasatu behar da; umeen kasuan, zerrendak errepasatu behar dira... Beraz, inauteriak pasatu ondoren, astebeteko atsedenaldia egiten dugu, eta ondoren, umeen entseguekin hasten gara. Aste Santua igaro ondoren, Musika Bandako kideekin elkartzen gara eta azken entseguak egiten ditugu. San Telmo jaietako larunbatean azken xehetasunekin ibiltzen gara, eta igandean danborrada eguna izaten da. Ondorioz, ordura arte lanpetuta egoten gara, eta danborrada pasatu ondoren, parranda egiten dugu.
Nolatan hasi zineten umeen danborradaren antolaketarekin?
Nerea Hernandez: Nire erruz. Norbaitek kargua hartu beharra zuela uste nuen, ezin zela tradizioa galdu. Nire seme-alabek 2 urte zituztenean, Jakintza elkartean sartu nintzen, baina bertako kideok adinekoak ginen unea iritsi zen, eta elkartea utzi behar genuenean hauei [elkarrizketatuei zuzenduta] deitu nien. Aurrera egin genuen.
A.A.: Guk elkarte bat sortua geneukan lehendik, batik bat kaldereroak antolatzeko helburuarekin, eta azkenean, danborradaren erreleboa ere hartu genuen.
Zer diozue sortu duzuen elkartearen inguruan?
A.A.: Bost kide gara elkartean, eta Lakatz du izena taldeak, Lakatz kultur elkartea. Lakatza gaztainaren gaineko arantzadun azala da. Euskarazko eta Zumaiari lotutako izena nahi genuen elkartearentzat, eta Lakatz aukeratu genuen. Zumaia Gukan herriko hitzen bilketa egiten dute, eta horien artetik gehien gustatu zitzaiguna izan zen.
Zein da danborradaren historia? Nola hasi ziren Zumaian danbor festa egiten?
N.H.: Donostian sansebastianak ospatzen zirela ikusi zutenean, Zumaian ere horrelako zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. Orduan, danborrada abuztuan egiten hasi ziren, baina, urte batzuk igaro ondoren, santelmoetara pasatzea erabaki zuten. Eguraldi txarra iragartzen zutenean, bertan behera geratu eta hurrengo asteburura aldatzen zuten, baina orain ez dugu halakorik egiten.
"Norbaitek kargua hartu beharra zuela uste genuen, ezin zela danbor festaren tradizioa galdu"
Nola prestatzen dira umeak danborradarako?
A.A.: Garai batean, astean ordubeteko bi entsegu egiten zituzten, baina orain, ordu eta erdiko entsegu bakarra egiten dugu astean, larunbatetan.
Maite Mantzizidor: Guztira, zortzi entsegu egiten ditugu: bost larunbatetan, eta azken astean Musika Bandarekin egiten ditugu beste hiru.
Nola janzten dira danbor jotzaileak? Mantentzen al dute tradizioa?
A.A.: Tradizioa mantentzen da, bai. Lehen, mutilak eta neskak bereizten ziren, baina, orain, bakoitza nahi duen bezala jantzi daiteke. Hala ere, bi traje bereizten dira, baina, esan bezala, bakoitzak traje horietako edozein aukera dezake. Lehen jantziak ezaugarri hauek ditu: alkandora, gona, azpiko gona, zapia eta zapatila urdinak. Bigarrenak, berriz, honako hauek: alkandora edo kasaka urdina, galtza urdinak eta txapela.
Orain arte beste aldetik ikusiko zenuten danborrada. Zer sentitzen da orain, antolakuntzan murgilduta egotean?
M.M.: Ni gehiago gozatzen ari naiz orain. Esaterako, Zumaian, makilak hartzeko modu berezi bat dago tradizioz, eta hasieran, izugarrizko begiko mina ematen zidan horrela hartzen ez zituztela ikusteak. Orain, aldiz, partaideei hori irakatsi izanak ondo sentiarazten nau.
M.I.: Lehen, egunean bertan ibiltzen nintzen kolaboratzen, eta orain, entsegu guztietan parte hartzen dugu. Umeekin hartu-eman handiagoa dugu, eta hori berezia da.
Zein da erronkarik handiena?
M.M.: Niri zaila egiten zait ume txikienak kontzentratuta mantentzea. Kantak bi minutu irauten baditu, lehen 15 segundoetan jada beste aldera begira egoten dira. Gure garaian, uste dut jaramon gehiago egiten geniola zuzendariari edota ondo jotzeko presio handiagoa genuela. Gaur egun, aldiz, ume gehienak ez daudela diziplina horretara ohituta iruditzen zait. Baina, era berean, niretzat erronka handi bat da, modu batera edo bestera pentsarazi egiten didalako zer irakatsi behar diedan hain txikiak direnei gizarte desberdin honetan.
A.A.: Egia da. Gaur egun, umeek sakelako telefonoarekin ibiltzeko joera dute: Youtubeko bideoak, shorts-ak... ikusten dituzte, eta horiek ez dute laguntzen. Ohituta daude segundo gutxi batzuetan soilik jaramon egitera, eta beraz, kanta osoan zehar erraz despistatzen dira.
"Danborradaren egunean, lehenbiziko kanta hasi arte oso urduri egongo gara"
Karrozaren antolakuntzari dagokionez, nolakoa da prozesua?
M.M.: Duela 30 bat urte hasi zen karrozaren kontua. Urtero, nire aita helduen danborradan irteten zen traineru handi bat jarrita karroza gisa, eta ez zela oso segurua esaten zidan beti.
A.A.: Jakintza elkartean hartuko zuten karroza egiteko erabakia, beraiek egiten baitute. Laguntza eskatu izan dute, lan handia egin behar izaten baita: materialaren aldetik, ideiak, prozesua... Eta azken urteetan gu ere laguntzen ibili gara: Nereak, Maitek eta nik Errege Eguneko karrozak egiten ditugu, eta Mertxek santelmoetan laguntzen du.
M.I.: Hiru urteko umeak joaten dira bertan, txikienek ere parte har dezaten.
A.A.: Gaitegi desberdin asko izan ditu karrozak, Bob Esponjatik hasi eta Zumaiako olagarro handi bat irudikatzeraino. Azken urteetan, arrantzarekin zerikusia duen zerbait egiten saiatu gara, baina gauza ezberdin asko egin izan ditugu. Duela urte batzuk karroza eramaten duen traktorearen erreplika egin genuen, omenaldi gisa, beti traktore berdina irteten delako. Santa Klara baserriko familiako kide bat izaten da gidaria beti.
Nolakoa irudikatzen duzue eguna, momentua, prestatutako guztia jendearen aurrean erakusteko unea?
A.A.: Orain arte laguntzaile izan gara, eta orain ardura gurea da. Beraz, gure lana danborrada hastean aldatuko da, zerbait gertatzen baldin bada, erabakitzeko ardura hori gurea izango baita.
M.M.: Egia esan, ez naiz horretan pentsatzen jarri. Urtero-urtero traktorearengandik gertu ibili izan naiz, baina ez dakit aurtengo edizioan non egongo naizen.
M.I.: Nire aburuz, lehenbiziko kanta hasi arte oso urduri egongo gara.
