Emakumeak festetan lan egitetik jaiaren parte izatera igaro dira

Erredakzioa 2025eko apirilaren 23a

Prozesioa San Telmo kalean, duela hainbat urte. (Zumaiako Udalaren fototeka)

Maritxu Arrutik urte askoan eskaini du hamaiketakoa bere etxean santelmoetan. Festez gozatu ez, eta lan eta lan ematen zituen egun horiek. Gaur egun, Itxas Gain elkarteak prestatzen du hamaiketakoa, eta jaiez gozatzeko aukera dute Arrutik eta haren moduko emakumeek. Santelmoetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

Larunbat eguerdian San Telmo festei hasiera ematen dien suziria jaurti ondoren, San Telmo ermita inguruan bildutako herritarrak kalejiran jaitsiko dira izen bereko kalera, musika eskolako trikitilarien laguntzarekin. Hara iristean, Itxas Gain elkartekoek dena prestatuta izango dute festa gosez dauden herritar horien sabelak betetzeko, hamaiketakoa eskainiko baitiete bertaratzen diren herritar guztiei.

Baina hori ez da beti horrela izan. Hau da, hamaiketakoa prestatzearen ardura ez da beti Itxas Gain elkartearena izan. Ondo daki hori Maritxu Arrutik. Estazioan jaioa eta hezia, ezkondu ondoren joan zen San Telmo kalera bizitzera, eta festei izena ematen dien kalean bizita, hamaiketakoa eskaini zuen urte luzez bere etxean. Santelmoak iristean, kalea nahiz bere etxea leporaino betetzen zirela ondo gogoratzen du Arrutik: "Ikaragarria zen".

Gizonak trajearekin janzten ziren, gorbata eta guzti, eta goizean elizara joaten ziren gaixo zeudenei jauna ematera. Ondoren, San Telmo ermitara igotzen ziren, eta prozesioan jaitsi kalera; orduan, kaleko etxe guztiak zabaltzen ziren goizeko otorduak eskaintzeko. Horrela, kuadrillak etxez etxe joaten ziren hamaiketakoa egitera. "Hala, gure etxera ere iristen ziren, eta etxea mahai luzez eta aulkiz bete eta hamaiketakoa eskaintzen genuen. Hori da lan pila egiten nuena!", oroitu du Arrutik.

Izan ere, 06:30erako lapikoa sutan izaten zuela gogoratu du: "Salda, kroketak... denetarik egiten nuen. Lehenbizi salda eskaintzen nuen, eta, ondoren, zirenak eta ez zirenak etortzen ziren: jatekoa, edaria, umeak... dena nire ardurapean izaten zen, eta umeari fardela aldatzeko astirik ere ez nuen izaten. Gero, gizonak joaten zirenean, dena jaso behar izaten genuen, garbitu eta bazkaria prestatzen hasi, familia osoa etortzen baitzen bazkaltzera. Gizonak vivalapepa ibiltzen ziren bitartean, gu lan eta lan".

Festak izan arren, jai giroaz ezin izaten zuen gozatu Arrutik. "Guretzat ikaragarria izaten zen; festarik ez genuen egiten, eta neka-neka eginda amaitzen genuen! Garai hartan horrela izaten zen; gero, eskerrak elkarteak hasi ziren hamaiketakoak ematen... orduan salbatu ginen gu!".

Aldaketak

San Telmo kaleko familietan oraindik batek edo bestek ohiturarekin jarraitzen du, eta leihotik eskaintzen dute hamaiketakoa, baina erabat galdu zen hamaiketakoa etxeetan egiteko usadioa. Horrela, elkarteak hasi zirenean hamaiketakoa eskaintzen, eta Arruti festaz gozatzen hasi zen: "Dotore jantzi, elizara joan, Kirol portura ere bai urdinez jantzita, kanpoan bazkaldu... Hori aldaketa!".

Arrutiren esanetan, festa bera ere asko aldatu da: lehen, San Telmo kaleko tradizioaz gain, Kofradian dantzaldiak eta gauza gutxi gehiago izaten ziren; "bi eguneko festa bakarrik zen". Orain, txupinazioaren ondoren, marea urdina jaisten da San Telmotik, eta Arrutiren etxe parean jartzen dute mahaia hamaiketakoarekin. Herritar ugari biltzen da bertan.

Gaur egun, Itxas Gain elkarteak eskaintzen du hamaiketakoa. Ardura hori 2004. urtean hartu zuten elkarteko kideek, eta poliki-poliki hasi ziren arren –garai hartan ez baitzen jende gehiegi elkartzen–, gaur egun ekitaldi jendetsua da. Horregatik, ondo antolatu eta jateko ugari eskaintzen dute: 25 kilo haragi, 50 kilo txorizo, salda egiteko produktuak... Aurten ere, hutsik egin gabe, bertaratuko diren herritar guztien sabelak ondo beteko dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide