Joxean Urresti: "Ohore handia da niretzat bandera igotzea"

Iraia Korta 2025ko api. 24a, 09:00

Joxean Urresti. (Iraia Korta)

Joxean Urresti (Getaria, 1968) 16 urte zituenetik ibili da arrantzan. Ikasle fina ez zenez, itsasoan murgildu zen aitarekin eta bi anaiekin batera. Duela 25 urte etorri zen Zumaiara, emaztearekin bizitzera. Aurten, bandera igoko du San Telmo festetan. Santelmoetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

Noiz eta nola hasi zinen arrantzan?

Txiki-txikitatik ibiltzen naiz arrantzan; izan ere, nire familia arrantzalea da. Aita betidanik ibili da arrantzan, baita nire bi anaiak ere, eta ikasle fina ez nintzenez, 16 urterekin itsasoan murgildu nintzen ni ere; hasieran, Getarian, eta ondoren, Zumaian.

Arrantzaren munduan, zer da gehien gustatzen zaizuna?

Arrantzaleari gehien gustatzen zaiona arraina harrapatzea da. Itsasora irten eta gehien gozatzen den unea itsasontzia arrainez beteta ikusten denekoa da.

Zein dira arrantzale izatearen erronka nagusiak?

Lehia handia dago gure artean. Zure ingurukoak arraina harrapatzen badu zuk ere harrapatu beharra daukazu, edo norbait itsasora baldin badoa, zu ere joan egin behar zara, berak baino gehiago harrapatzeko eta atzean ez geratzeko.

Non ibiltzen zinen arrantzan?

Normalean Getariatik irten eta lauzpabost orduko bidaiak egiten nituen itsasoan zehar; 17:00etan irten eta 07:00ak aldera itzultzen nintzen etxera. Ondoren, nire emazteagatik etorri nintzen Zumaiara bizitzera. Gazteak ginela ezagutu genuen elkar, eta duela 25 bat urte etorri nintzen berarekin bizitzera. Zumaian, Getarian bezalaxe, bidaiak egiten ibili izan naiz, eta herrian bertan ere arrantzatu izan dut.

Zein da egin duzun bidaiarik luzeena?

Atunak harrapatzera joan izan naiz batzuetan, eta halako kasuetan, hamabost bat egun igarotzen nituen etxetik kanpo. Atunak arrantzatzera jendea Irlandaraino joan ohi da, baina ni Galiziaraino soilik iritsi naiz, Vigora.

Zer desberdintasun daude Zumaian eta Getarian arrantza egiteko orduan?

Alde batetik, Zumaian itsasontzi bakarra dago, Getarian daude beste guztiak, eta horrek zailtasunak ekartzen ditu Zumaiatik arrantzara irteteko orduan. Bestetik, Zumaiatik arrantzara joaten den jendea jarduera hori benetan gustatzen zaiolako joaten dela uste dut; hau da, denbora-pasa moduan. Getarian, aldiz, lanbide garrantzitsu bat bihurtu da arrantzarena, familia asko bizi baitira horren kontura.

Eta ba al dago alderik lehengo eta oraingo arrantzaren artean?

Lehen dena zen zailagoa. Gaur egun, itsasontziak itsasora irteteko prest daude; lehen ez. Teknologia berrikuntzek dena erraztu dute. Alde batetik, arraina harrapatzeko erabiltzen diren tresnak hidraulikoak dira. Bestetik, itsasontziak lehen egurrezkoak izaten ziren, eta orain, aldiz, txapazkoak izaten dira. Eta amaitzeko, Internetak eta wifiak eragin dituzten aurrerapausoek aldaketa handiak ekarri dituzte arrantzaren mundura ere.

Nola uztartzen zenituen arrantza eta familia?

Nire bikotekidea Olga da, eta bi seme ditugu: Beñat eta Eneko. Hirurak izan dira nire lehentasuna beti, baina denera iristeko, denbora eta antolakuntza behar nituen. Horregatik, beti eskertuko diot Olgari ni itsasoan nengoen bitartean bi semeak zaintzeko ardura hartu izana. Nolabait, bere babesa izan da ni itsasora lasai joateko arrazoietako bat. Familiaren laguntza oso garrantzitsua dela uste dut arrantzale guztientzat.

"Beti eskertuko diot Olgari ni itsasoan nengoen bitartean bi semeak zaintzeko ardura hartu izana"

Nola ikusten duzu Zumaian arrantzaren eta tradizioen etorkizuna?

Zumaian ez dago Getarian bezalako egituraketarik, baina uste dut afizioz beti egongo direla arrantzaleak. Izan ere, Getarian, portua, kofradia, itsasontziak... dituzte. Horiek garrantzi handiko elementuak dira arrantza gauzatu ahal izateko. Etorkizunera begira, egia da arriskua ikusten diodala ogibideari. Azken finean, lan gogorra da arrantzaleena, eta gaur egungo gazteei gehiago kostatzen zaie horrelako lanak egitea. Hala ere, arrantzaleon lana ezinbestekoa dela iruditzen zait, arrainak pertsonentzako osasungarriak baitira.

Nola laguntzen duzu zuk arrantza bezalako tradizio batek bizirik iraun dezan?

Gaur egungo gazteei esan nahi diet, nahiz eta arrantzaleena lan gogorra izan, lanbide duina dela, eta gustatuz gero, animatzeko. Bizitza bizitzeko beste modu bat da, eta esperientzia txarrak bezain onak bizi daitezkeen arren, arrantzale lanetan jardutea merezi du. Niri egin didazuen elkarrizketaren modukoen bitartez, uste dut gazteak bultza ditzakegula arrantzaleen munduan murgiltzera.

Ba al duzu kontatzeko arrantzan ari zinela bizi izandako abenturarik?

Ez dakit, ez dut beste munduko abenturarik bizi izan. Oroitzapen ederrak baditut, bai. Santiago egun batean, gogoratzen dut itsasontzi guztia atunez beteta ekarri genuela. A zer eguna! Horrez gain, beldurra ere pasatu izan dugu. Lehen, egurrezkoak ziren itsasontziak eta material guztia; itsaso zakarra zegoenean gauzarik txikienak ere izugarrizko soinua egiten zuen, eta bertan geratuko ginela ematen zuen. Gainera, eguraldiak ezustean harrapatzen gintuen, ez genekien zer etorriko zen. Orain, aldiz, horrelako gutxi gertatzen dira. Eguraldi txarra iragarrita baldin badago, denbora nahikoa izaten dute ihes egiteko edo lehorreratzeko. Alde horretatik, gaur egun, babes handiagoa dago, eta beraz, istripu gutxiago gertatzen dira.

"Ezerk ez nau poztu etxera itsasontzia arrainez beteta itzultzeak bezainbeste"

Ba al duzu arrantza egiteko toki gogokoenik?

Ez dut arrantzan egiteko gustuko tokirik, arraina dagoen tokian nago gustura beti. Itsasoa oso zabala da eta ehunka toki bisitatu ditut arrantzari esker, baina ezerk ez nau poztu etxera itsasontzia arrainez beteta itzultzeak bezainbeste.

Aurtengo San Telmo jaietan omenduko zaituzte. Nola sentitzen zara horren aurrean?

Lagun askok esan didate ea nola den posible getariar bat izatea Zumaiako jaietako omendua. Getariako lagunek ere broma asko egin dizkidate: bandera igo ondoren, "aupa Getaria!" esateko eta horrelako aholkuak eman dizkidate. Niretzat ohore handia da omenaldia jasotzea. Behin edo behin pentsatu izan dut posible zela nire eguna iristea eta ni izatea omendua, baina ezusteko ederra izan da.

Nola ospatzen dituzu San Telmo festak? Ba al duzu ohiturarik?

Urtez urte ohitura berari eusten diogu; egunero elkartean batzen gara bazkaria egiteko. Beti jan eta edan egiten dugu.

Zer gustatzen zaizu gehien jaietatik?

Herrian egoten den giroa asko gustatzen zait. Santelmoak beti izan ohi dira jai politak eta alaiak. Arrantzalez janztea ere ederra da, ohitura eta tradizioak mantentzeko.

Nola biziko dituzu aurten santelmoak?

Urteroko legez, ostiralean kalera irtengo gara giroan murgilduz; larunbatean, bazkaltzeko elkartuko gara, eta arratsaldean txosnetan ibiliko gara. Eta igandean ere berdin egingo dugu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide