Auserdeko haur eta gazteekin elkartu dira zumaiarrak gaur

Maria Maya Manterola 2025ko api. 14a, 19:30

Zugeko haurtzaindegian haur parkea ezarri, eta Auserdeko bigarren hezkuntzako eskola bisitatu dute gaur zumaiarrek. Eguzki galdak ez die axola izan elkarrekin dantza egin eta jolasean aritzeko. Rabunira (Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hiriburura) joko dute bihar.

Zugeko haurtzaindegiko lanak bukatu dituzte gaur zumaiarrek, Darahliren bidaiako hirugarren egunean: patioan zenbait instalazio ezarri dituzte bertako haurrentzat, eta ikasgelak bisitatzeko beta ere hartu dute goiz partean. Jolas orduan estreinatu dute Zugeko haurrek jolas parke berria. 

Auserd da Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako bost wilayetako (probintzietako) bat, eta toki horretako bigarren hezkuntzako Suwailem Ahmed Brahim eskola bisitatzera joan dira gero oinez, behin haurtzaindegiko lanak amaituta. Urola Kostatik emandako dozenaka kamiseta banatu dituzte patioan, eta ilusioz jantzi dituzte bertako gaztetxoek elastiko berriak. Futbolean aritu dira gero, patioa bi futbol zelai erraldoitan banatuta. Eguzki galdak ez die axola izan elkarrekin dantza egiteko, eta irribarretsu agurtu dituzte zumaiarrak Auserdeko ikasleak.

Handik minutu gutxira aurkitzen da Auserd wilayako Emakumeen Etxea, eta hura ikustera joan dira gero. Bertako instalazioak ikusi, eta langileen azalpenak jaso dituzte ikasleek. Ile apaindegia, okindegia nahiz informatika zerbitzuak dituzte han, baina bestelako lanketak ere egiten dituzte, emakumeen ahalduntze ekonomikorako, esaterako. 

Bihar, Rabunira

Bihar Zugetik egun osoko irteera izango dute Rabunira, Tindoufeko (Aljeria) hegoaldera. Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hiriburua da, eta han erakunde publikoak ezagutuko dituzte: Iraupenaren museo nazionala, ilargi erdi sahararraren egoitza, ospitalea eta telebista, besteak beste. Itzuleran, Zugeko dairan elkartu eta sahararrek prestatutako festaz gozatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!