Herriko festa kutunak heltzeko gero eta gutxiago falta da, eta dagoeneko nabaria da zumaiarren artean festarako gogoa. Herritarrengan ez ezik, Gernika parkean ere sumatzen da San Telmo jaietarako atzera kontaketa; izan ere, dagoeneko hasi dira atrakzioak muntatzen bertako zelaian.
Apirilaren 25etik 28ra bitartean ospatuko dute San Telmo jaien lehen asteburua, eta repetizioak hurrengoan. Hori hala, festak amaitu bitartean autotxokeak, zezen mekanikoa, ohe elastikoak eta bestelako atrakzioak egongo dira Gernika parkean haurren gozamenerako, baita parrandako ordu txikietan buelta bat eman nahi duten guztientzako ere.