Azken egunak dira Iñaki Orejaren Ehundura eta koloreen sinfonia erakusketa bisitatzeko, asteartera arte egongo baita zabalik. Apirila hasieran zabaldu zuen zumaiarrak margolanen bilduma, Oxford aretoan, eta aste hauetan herritarrentzat zabalik egon da.
Artistak zehaztu zuen moduan, azken lau urteetan sortu dituen koadroen bilduma da Oxforden ikusgai jarri duena, eta bertan abstrakziotik abiatutako lanak aurki daitezke. Ehundura eta koloreen sinfonia jarri dio izena erakusketari, bere hitzetan, "horixe eskaintzen baitute bilduma horretarako aukeratutako 32 koadroek".
Hori horrela, gaur eta bihar 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da aretoa zabalik; asteartea, ordea, 18:00etatik 20:00etara bakarrik.