Autobus zerbitzu berezia eskainiko du Lurraldebusek Zarauzko Garagardo Azoka dela eta

Intza Trula 2025ko api. 16a, 10:00

Dozenaka lagun, iazko Garagardo Azokan. (Jabi Gonzalez Toston)

Bihar eta etzi gaueko autobus zerbitzua indartuko du Lurraldebusek, Zumaia eta Orio artean, herritarrei gauean zehar joan-etorriak egiteko aukera eskainiz.

Zarauzko Garagardo Azokaz gozatu nahi dutenentzat gaueko autobus zerbitzua indartuko du Lurraldebusek bihar eta etzi. Hain justu ere, gaur, 20:00etan, zabalduko dute Munoako karpa, askotariko garagardoa eta jan-edanerako aukera eskainiz. Hori guztia, gainera, zuzeneko musikak girotuta egongo da.

Jende kopuru handia espero dute antolatzaileek hilaren 21era arte iraungo duen festan, eta horregatik indartu dute garraio publikoa. Ostegunean eta ostiralean eskainiko dituzte zerbitzu berezi horiek; gainerako egunetan, berriz, ohiko gaueko ordutegia jarraituko dute autobusek.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezen hitzetan, zerbitzua indartzearen helburua da "Zarauzko Garagardo Azokaz gozatu nahi duten guztiek modu eroso, seguru eta jasangarrian egitea". 

Zarauzko Udaleko alkate Xabier Txurrukak, bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari izandako "inplikazioa" eskertu nahi izan dio: "Garagardo Azoka bezalako ekitaldi garrantzitsu batek gaueko autobus zerbitzua izanda, gazteek jaiaz segurtasun osoz goza dezakete".

Ordutegiak (ostegunean eta ostiralean)

Zumaia Getaria Zarautz Orio
23:00 23:10 23:15 23:25
01:00 01:10 01:15 01:25
03:00 03:10 03:15 03:25
05:00 05:10 05:15 05:25
Orio Zarautz Getaria Zumaia
23:35 23:45 23:50 00:00
01:35 01:45 01:50 02:00
03:35 03:45 03:50 04:00
05:35 05:45 05:50 06:00

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide