Euskaraldia 2025

Hilaren 25ean aurkeztuko dute Euskaraldiko Zumaiako hamaikakoa

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 19a, 09:00

Astindu dantza taldekoak koreografia dantzatzen Itzurun hondartzan.

Gerturatzen ari da aurtengo Euskaraldia, eta Zumaian ere prest dituzte herriko enbaxadoreak. Kofradian egingo duten ekitaldian aurkeztuko dituzte, eta Astindu dantza taldeak ere koreografia berezia aurkeztuko die herritarrei.

Maiatzaren 15ean hasiko da 2025eko Euskaraldia, Elkar mugituz egingo dugu! lelopean, eta Zumaiako Euskaraldiak prest du bere hamaikakoa, hau da, herriko enbaxadore taldea. Horiek banan-banan apirilaren 25ean, ostiralarekin, aurkeztuko dituzte, 19:30ean Kofradian egingo duten ekitaldian.

Horrez gainera, Astindu dantza taldeak Euskaraldirako sortu duen koreografia egingo du jendaurrean. Izan ere, "Euskaraldia indartzeko" helburuarekin sortu du dantza, Zumaiako Udalak babestuta. Emaitza bideoz jaso dute, eta, koreografia ikasteko bideo bat ere prestatu dute.

Herriko festak egun horretan hasiko direnez, herritarrak gonbidatu dituzte aurkezpenera, baita ondoren koreografia denek elkarrekin dantzatzera ere. 

Bestalde, Zumaiako Udalak gogorarazi du Euskaraldian izena emateko aukera zabalik dagoela, norbanakoentzat zein entitateentzat, eta nahi duenak Hikaldian ere parte hartzeko aukera duela.

Hau da tutoriala:

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide