Maiatzaren 31n egingo dute IV. Raixta Eguna, eta Zumaiako Emakumeen Etxeak jakinarazi du "aurten ere egun indartsu eta parte hartzaile bat antolatzeko lanetan" dabiltza. "Egitarauaren zati nagusia herriko emakume sortzaileekin batera antolatu nahi dugu, eta iaz egin genuen moduan, arlo desberdinetako sortzaileen topalekua izatea nahi dugu Raixta Eguna", esan dute.
Sortzaileek modu askotan parte hartzeko aukera izango dute, baina antolatzaileek hiru eremu nagusi zehaztu dituzte: batetik postuak egongo dira, bestetik tailerrak, eta azkenik, oholtza. Postuak salmentarako edo erakusketa egiteko izango dira, eta oholtzan musika, dantza, performance etab. eskaini ahalko dituzte. Dena den, bestelako ideiak eta proposamenak entzuteko prest dago Emakumeen Etxea.
Zumaiako emakume sortzaileak animatu nahi dituzte, euren sorkuntza elkarbanatu eta uda aurreko ospakizun egun horretan parte hartzera. Galdetegia sortu dute, eta hori betetzeko azken eguna maiatzaren 9a izango da.