Zugeko ikasleekin herri kiroletan eta jolasean aritu da gaur Darahliren taldea

Maria Maya Manterola 2025eko apirilaren 16a

Soweto eskolako haurrak bisitatu dituzte goizean, eta haur sahararrek erakutsi dute trebeak direla lokots biltzen, soka saltoan nahiz zaku lasterketan. Bi formakuntza hitzaldi jaso dituzte arratsaldean, kanpalekuen funtzionamenduaz eta gatazkaren ondorioez.

Soweto eskola bisitatu dute gaur zumaiarrek Darahliren bidaiaren bosgarren egunean. Goiz partean, jolaserako materiala kotxetan gerturatu, eta zenbait gunetan banatu dira bertako haurrekin jolas egiteko: maskarak egiteko tailerrean, aurpegi margoketa nahiz herri kiroletan aritu dira.

Patioa jolaserako gune bihurtu dute, eta haur sahararrek erakutsi dute trebeak direla herri kiroletan: lokotsak biltzen, soka saltoan nahiz zaku lasterketan aritu dira zumaiarrekin batera. Eskola kanpoan futbolean ere egin dute elkarrekin, eta amaitzeko, Zumaiako ikasleek aurrez prestaturiko antzezlan batez gozatu dute Sowetoko ikasleek. Musikaz lagunduta, akrobaziak eta magia trikimailuak erakutsi dizkiete, eta elkarrekin dantzan amaitu dute eskolako patioan.

Bazkalostean, herriko dairan elkartu dira zumaiarrak bi formakuntza hitzaldi jasotzeko: Auserd wilayako Jira Bulahi gobernadorea errefuxiatuen kanpalekuen funtzionamenduari buruz aritu da, lehenbizi; jarraian, Omar Abdeslam Afapredesako (Saharako presoen eta desagertuen senitartekoen elkartea) presidentea gatazkaren ondorioei buruz aritu zaie. Zugeko herritarrak dairara batu zaizkie gero, zuzeneko musikaz gozatu eta elkarrekin eguna bukatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide