XIX. Jose Angel Iribar Txapelketak hartu zuen atzo goizean Zarauzko Asti futbol zelaia, eta Zumaiako nagusitu zen bertan, txapelketa bikaina burutu ostean. Zarautz Kirol Elkarteak urtero antolatzen du kirol hitzordu hori Aste Santuan, kimu mailako mutilei zuzenduta; atzokoan, orotara, hamasei talde aritu ziren garaipenaren borrokan.
Zumaiakok Orioko FT, UD Aretxabaleta eta Oiartzun izan zituen aurkari txapelketako lehen fasean, eta apurka-apurka joan zen puntuak biltzen, final handirako txartela eskuratu zuen arte. Talde indartsua izan zuen aurkari azken neurketa horretan, Reala, baina, halere, guztia emateko asmoz atera zen Zumaiako zelaira. Neurketa gogorra izan zen, biek eskuratu nahi baitzuten garaipena; azkenean, ordea, gorritxoek mendean hartu zituzten txuri urdinak, 2-1eko markagailuarekin.
Iribarren omenezko txapelketan atezain onenaren saria ere banatu zuten: Zarautz KEko Martin Mendibururentzat izan zen garaikurra, hain justu ere.
Nesketan, etxekoak txapeldun
Arratsaldean, Kimu Nesken VI. Txapelketa jokatu zuten, eta etxeko taldea nagusitu zen bertan. Merezimendu osoz eta lagun zein guraso guztien txalo artean altxatu zuen garaikurra Zarautz KEk.
16:00etan ekin zieten neurketei, bi multzotan banatuta. Zarautz KEk Intxaurdi, Aiztondo eta Amaikak bat taldeak izan zituen aurrez aurre lehenengo fasean. Kanporaketa txukuna egin zuten zarauztarrek, eta final handirako sailkatu ziren horri esker. Azken neurketa, zumaiarren modura, txapelketako talderik indartsuenaren aurka jokatu zuten; Realaren aurka, alegia. Igor Bordagarairen taldea ez zen kikildu, eta garaipenaren bila atera zen zelaira. Saioak sartu zuen neurketako gol bakarra, eta txuri urdinek berdinketa eskuratzeko saiakerak egin bazituzten ere, 1-0eko markagailuarekin amaitu zen partida.
Sari banaketan, jokalari onenaren saria ere banatu zuten antolatzaileek: Martutene taldeko Isabel Esnaolari eman zioten garaikurra.
Giro bikaina izan zen goizean nahiz arratsaldean, eta aurreko urteetan bezala, jende ugari bildu zen harmailetan eta zelaien ertzeetan, futbolariak animatzeko.