Kultur jardueretarako diru laguntzak eskatzeko azken eguna izango da bihar

Intza Trula 2025eko apirilaren 25a

Aita Mari zinema aretoa. (Artxibokoa)

2025ean zehar egin diren edota egingo diren jardueretarako eskatu ahal izango dute elkarteek laguntza.

Kultur eta aisialdi arloan lan egiten duten elkarteen jarduna diruz lagunduko du beste urte batez Zumaiako Udalak, eta diru laguntza eskatzeko epea bihar, larunbata, amaituko da. Instituzioak zehaztu du 2025eko ekitaldiak onartuko dituztela deialdian; hau da, dagoeneko egin diren jarduerengatik edota aurrerantzean gauzatuko direnenengatik eskatu ahal izango da laguntza.

Esparruei dagokienez, bi laguntza zehaztu ditu udalak: bata, musika eta dantza alorreko elkarteei zuzendutakoa, eta, bestea, kultura eta aisialdi alorrean lan egiten duten elkarteei bideratutakoa. Gaineratu duenez, urte osoko jarduerengatik zein ekitaldi puntualengatik egin daiteke eskakizuna.

Hori horrela, eskaera egiteko orria dagozkion eranskinekin batera aurkeztu beharko dute elkarteetako ordezkariek, Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxean), Alondegian zein egoitza elektronikoaren bidez. Informazioa behar izanez gero, berriz, 943-86 10 56 telefonora deitu daiteke, Alondegiko bulegora, eta bertan argituko dituzte zalantza guztiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide