Bihar arratsaldean jokatuko dituzte Zumaia Jai Alai Master Series zesta punta txapelketako bigarren finalerdiak Aitzuri frontoian. Zehazki, emakumezkoen eta gizonezkoen finalerdi bana ikusi ahal izango da bertan, 19:00etan hasita. Unai Uranga zumaiarra da kantxan lehiatuko den puntistetako bat.
Hori hala, emakumeen partida jokatuko dute lehenengo. Bertan, Elaiak eta Oaiak osatutako bikoteak Helenaren eta Maiaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, gizonezkoen txanda izango da; Erkiagak eta Urangak Barandika eta Zabala izango dituzte aurrez aurre.
Txapelketa osorako bonoak edo jardunaldi bakoitzerako sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean daude salgai. Egunean bertan frontoiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira.
Finaleko lehen bikoteak, erabakita
Pasa den astelehenean jokatu zituzten Aitzurin Zumaiako masterreko lehen finalerdiak. Emakumezkoetan, Watkins zumaiarrak eta Ihartek eskuratu zuten garaipena; gizonezkoetan, berriz, Urreisti eta Manci. Beraz, bi bikote horiek San Telmo egunean jokatuko den finalean izango dira, apirilaren 28an, alegia.