Eguraldi hobearekin hasi dute eguna gaurkoan zumaiarrek. San Telmo egunaren bezperan, gogoz astindu dituzte danborrak Zumaiako gaztetxoek gaur goizean. Guztira 280 bat ume elkartu dira, eta Lakatz elkartearen gidaritzapean, herriko kaleetan barrena egin dute danborradako ibilaldia. Sagarbide ikastetxetik hasi eta Erribera kaletik barrena, Eusebio Gurrutxaga plazan amaitu dute festa, eta jarraian gozokiak jaso dituzte.
Iluntzean helduen txanda izango da, 22:15 aldera hasiko baita helduen danborrada. Ohi bezala, ibilbidean San Telmo kaletik pasatuko dira, eta Kofradia aurrean amaituko dute saioa, gauerdian, bandera igoko baitu orduan aurtengo omenduak: Jose Antonio Urresti arrantzale ohiak.