Etxebizitza turistikoen hazkundeari "muga eraginkorrak" jarri dizkio udalak

Julene Sorarrain 2025ko api. 27a, 16:50

Zumaiako Udalak Etxebizitza Turistikoen kopurua %36 murriztea lortu du, eta gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian. Araua onartu zenetik lizentzia eskaera bakarra egon dela jakinarazi du udalak.

2024ko apiriletik Zumaian indarrean dagoen araudi berriak etxebizitza turistikoen jarduera ekonomiko moduan arautzen du. Arau horrek, ordea, muga zorrotzak jartzen ditu helburu argi batekin: bizilagunen bizi baldintzak bermatzea, etxebizitzaren erabilera soziala lehenestea, eta, etxebizitza turistikoen neurrigabeko hazkundeari ateak ixtea.

Etxebizitza turistikoak lehenengo solairuan bakarrik egon daitezke —lehenengo solairuan ez badaude, sarrera independentea izan beharko dute—, eta betiere, eraikin osoaren azaleraren kopuru bat gainditzen ez badute (%8a erdigune osoan, eta %12a Zumaiako gainontzeko lekuetan). Bestelako mugak ere jasotzen ditu arauak. Etxebizitza turistikoen erregulazioa eta arauean jasotako mugak eraginkorrak izan direla uste du Udal Gobernuak, eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak bi datu azpimarratu ditu gai horren harira. Batetik, prozesua abiatu zenean herrian 56 etxebizitza turistiko zeudela jakinarazi du, eta horietatik "37k bakarrik eskatu dute haien egoera legeztatzeko". Hortaz, gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian.

Bestetik, muga berriak indarrean daudenetik, lizentzia eskaera bakarra egon dela azaldu du Yeregik, eta bakarrak baloratu du araua betetzeko aukera duela.

Iñaki Ostolazaren esanetan, araudiak aukera emango du “etxebizitzen erabilera soziala lehenesteko”, eta etxebizitza turistiko kopuru “jasangarri” bat mantentzeko. Azken urteotan halako jarduerek izandako gorakada handia izan da: 2016an zazpi etxebizitza turistiko erregistratuta zeuden herrian. Alkatearen esanetan, bi aukera zeuden egoera horretan: “etxebizitza turistikoak neurrigabe handitzen ikusten jarraitzea, geldi; edo, egoera ondo aztertu, eta neurri eraginkorrak bilatzea”. Bigarren aukera horren alde egin zuen Udal Gobernuak.

Arauaren xedeetako bat da "bizilagunen eguneroko bizitza kalitatea bermatzea". Udalak ezarritako arauaz gain, atarietan hartu daitezkeen bestelako neurriak ere egon badaude: "Jabeen erkidegoek aukera dute haien eraikinean etxebizitza turistiko berriak ez ezartzeko erabakia hartzeko, baldin eta portaleko jabeen artean hala erabakitzen bada". Neurri hau etorkizuneko baimen berriei soilik aplikatzen zaiela azpimarratu du udalak, eta ez du "atzeraeraginezko eraginik", hau da, dagoeneko baimenduta dauden etxebizitza turistikoek jarduten jarraitu ahal izango dute.

Etxebizitza turistikoen jarduera arautzeko urratsa Zumaiako "etxebizitza politika integralaren parte" dela ere aipatu du. Etxebizitza hutsen mobilizazioa, alokairuaren sustapena eta etxebizitza babestuaren aldeko neurriak ere abian jarri dituzte. "Turismoaren garapena eta herritarren bizi-baldintzak orekatzeko" helburuarekin, udalak Zumaia "herri bizigarria" bilakatu nahi du, herritarrentzat.

Betebeharreko baldintzak

2024ko apiriletik indarrean dagoen araudi berriak jarduera ekonomikoaren garapenerako baldintza zehatzak ezartzen ditu:

  • Jarduera ekonomiko gisa araututa dago etxebizitza turistikoen jarduera: beraz, ezinbestean erregistratu behar dira, eta legeak ezarritako baldintzak bete.
  • Lehen solairuan bakarrik egon daitezke edo sarrera independentea duten etxeetan, elkarbizitza babesteko.
  • Eraikin bakoitzeko etxebizitza turistiko bakarra onartuko da, eta ezin izango du eraikinaren azalera osoaren %8a (herrigune osoan) edo %12a (beste eremuetan) gainditu.
  • Bajoetan eta lokaletan ezin da jarduera hori gauzatu, eta ezta erroldatutako pertsonarik izan ere: ezin da ohiko bizilekua izan.
  • Gutxieneko baldintzak ezartzen dira: 45m² erabilgarri, besteak beste.

Muga hauek 2024ko apiriletik daude indarrean, eta data hori baino lehen etxebizitza turistiko moduan erregulatuta zeudenek ez dituzte bete behar izan. Horiek urtebeteko epea izan dute haien egoera legeztatzeko: 56 etxebizitza turistiko zeuden prozesua abiatu zenean, baina horietatik 37k bakarrik egin du eskaera. Araudiak jarduera ekonomikoaren kontrola erraztu du eta udalari benetako egoeraren neurketa egiteko "tresna baliagarria" eskaini dio.

Gainera, araudia indarrean jarri denetik lizentzia berri bakarra eskatu da, eta aurrerantzean baimen guztiak araudi berrira egokituko dira. Zehapenak eta kontrol mekanismoak jarduera ekonomiko guztietan bezala aplikatuko dira etxebizitza turistikoen kasuan ere. Eusko Jaurlaritzaren eskumena da jarduera horien jarraipena egitea, bai bere ekimenez, bai eta Zumaiako Udalak hala identifikatzen duenean. "Helburua da jarduera irregularrak detektatu eta araudiaren betetzea bermatzea. Jarduera ekonomiko irregularren kasuan isun handiak daude aurreikusita".

"Prozesu luze baten emaitza"

Araua osatzeko prozesua luzea izan da: aurreko legealdian Etxebizitza Plana osatzeko lanketa abiatu zuen udalak, Hiritik At kooperatibaren eskutik. "Etxebizitza turistikoekin lotutako lan-lerroaren barruan diagnostiko bat egin zen aurrena, eta, ondoren, eragile desberdinekin batera landu zen gaia: etxebizitza asanbladako kideekin, etxebizitza turistikoen jabeekin, eta arlo desberdinetako udal teknikariekin". Herritarrekin saio irekiak ere egin zituen, eta zenbait oinarri adostea lortu zuten. Irizpide horiek kontutan hartuta, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan ere landu zuten gaia.

Prozesuan zehar bi moratoria egon dira indarrean. 2021eko uztailean lehen moratoria ezarri zen, etxebizitza turistiko berrientzako lizentziak emateari uzteko. 2023an ezarri zen bigarren moratoria, araudia indarrean jarri arte.

Hasiera batean prozesuan parte hartu duten eragileekin udalerriko etxebizitza turistiko kopurua mugatzea adostu bazen ere, arauaren egonkortasun bermatze aldera, bestelako neurriak hartu dituzte azkenean. Edonola ere, "emaitza antzekoa" izango dela aurreikusten du udalak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide