Zilarrezko domina lortu du Eider Gutierrezek Espainiako apnea txapelketan

Juan Luis Romatet 2025ko api. 28a, 14:36

Eider Gutierrez, erdian, Euskadiko selekzioarekin Gasteizen jokatutako txapelketan. (Utzitakoa)

Olarrusub klubeko kidea sei minutu eta 47 segundoan egon zen arnasik hartu gabe modalitate estatikoan, pasa den asteburuan Gasteizen (Araba) jokatutako txapelketan.

Espainiako apnea txapelketa jokatu dute pasa berri den asteburuan Gasteizen (Araba). Zumaiako Olarrusub klubeko kide Eider Gutierrezek hartu du parte bertan, Euskadiko selekzioko kide gisa. Emaitza bikainak lortu ditu Gutierrezek eta domina bat eskuratzeaz gain, Euskadiko marka berriak ere ezarri ditu. 

Lau modalitatetan lehiatu da Gutierrez Espainiako txapelketan. Modalitate estatikoan, sei minutu eta 47 segundoan egon da burua urazpian sartuta, arnasik hartu gabe. Denbora horri esker, zilarrezko domina eskuratu du Olarrusubeko kideak, baita Euskadiko marka berria ezarri ere. 

Beste bi modalitatetan ere marka berria ezarri du Gutierrezek: aletarik gabeko modalitatean, 110,8 metro egin ditu, eta monoaletarekin 142,8 metro. Aletarekin egindako proban, bestalde, 113 metro egin ditu. Egindako lan horrek guztiak balio izan du Euskadik taldekako txapelketa irabazteko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide