12:30ak aldera joan da argindarra Zumaian, Euskal Herri osoan eta Europako beste herrialde batzuetan joan den bezala. Ordubetez egon da herria argindarrik gabe, 13:30ean itzuli den arte. "Hasieran ez genekien zer gertatzen ari zen, uste genuen zerbait puntuala zela, baina gero herritarren dei ugari izan ditugu hasieran, eta beste herritar batzuk zuzenean etorri dira galdetzera ea zer gertatzen ari zen", azaldu dio Gukari Iban Barba udaltzainburuak.
Igogailuetan kateatuta geratu diren herritar batzuen deiak ere jaso dituzte, eta haiek ateratzeko lanetan ere aritu dira. "Orona enpresako Zumaiako langile bat atariz atari ibili da jendea igogailuetatik ateratzen, argindar falta zela eta beraien kabuz ezin zutelako atera".
Udaltzainak herriko adinekoen egoitzetara ere joan dira lasaitasun mezuak eramatera. "Hasiera hartan jendea lasaitu beharrean ibili gara", gaineratu du. "Barne irrati bidez SOS Deiakera deika ere ibili gara, baina ez ziguten hartzen. Semaforoak ez zebiltzan, tabernetako jendea ere galdezka genuen... Ez genekien zer gertatzen ari zen eta une horiek ez dira atseginak izan", azaldu du.
Itzalalaldiak izan du eragina San Telmo eguneko egitarauan. Odietan jarritako puzgarrien parkea, esaterako, bertan behera utzi behar izan dute argindar faltagatik atrakzioak airerik gabe geratu direlako.
Barbaren esanetan, eduki hau idazterako orduan telefono finkoa ez zebilen oraindik, eta Ertzaintzarekin koordinazioan zebiltzan sor zitezkeen edozer larrialdiri erantzun ahal izateko.