San Telmo eguna ospatu zuten atzo Zumaian, eta egun hori baliatu zuten Beduola elkarteko kideek Axular ibiltokiko lokalean zaharberritutako azken bi ontziak uretaratzeko. Iaz ere, berritutako beste ontzi bat uretaratu zuen itsas ondarea berreskuratzeko lan egiten duen herriko elkarteak. Orduan, euri zaparraden artean egin zuten ekitaldia; atzo, berriz, eguzkia izan zuten lagun, eta herritar ugari bertaratu zen Arranplara ekitaldia jarraitzera.
Arranplara eraman aurretik, Kofradiako plazatxoan erakutsi zituzten arratsaldez uretaratutako Joxe eta Hiru anai batelak. Bi ontzi hauek duela lau urte zaharberritu zituzten, baina horretarako erabilitako egurra usteldu egin zen urarekin kontaktuan, eta berriro berritu behar izan dituzte. Joxe batela, Joxe Manuel Osak, Luis Zulaikak eta Pello Iribarrek berritu dute; Hiru Anai, aldiz, Beñat Ibaietak elkartekideen laguntzarekin. Ekitaldian nabarmendu zuenez, Zulaika berak lan handia egin du azken ontzi horren berritze lanetan, eta keinu bat izan zuen Ibaietak harekiko.
Behin ura ukitu ondoren, itsasadarrean zehar aritu ziren arraunean aurpegi berri eta dotorea duten bi ontziekin.