Hiru txapel, buruz buruzko Gipuzkoako zesta punta txapelketan

Juan Luis Romatet 2025ko api. 29a, 09:00

Ostiralean jokatutako finaletako sari banaketako irudia. (Utzitakoa)

Zumaiako Kirol Elkarteko puntistek hiru garaipen erdietsi zituzten pasa den ostiralean Aitzurin jokatutako finaletan. 

Buruz buruko Gipuzkoako zesta punta txapelketako finalak jokatu zituzten pasa den ostiral arratsaldean Aitzuri frontoian. Jokatu ziren lau finaletatik hirutara heldu ziren Zumaiako Kirol Elkarteko puntistak, eta herriko klubak bazuen San Telmo jaiak modurik onenean hasteko gogoa. Zumaiako puntistek gogo hori asebete zuten, hiru partidetan garaile atera zirelako.

Emakumeen partidan, Frida Watkinsek Maite Ortiz de Mendibilen aurka jokatu zuen, eta arratsaldeko lehen txapela jantzi zuen zumaiarrak, finalean 19-25 emaitzarekin irabazi zion eta Danok Bat klubeko puntistari. 

Gizonetan, kadete mailan, zumaiarren garaipena ziurtatuta zegoen, herriko bi puntista elkarren aurka arituko zirelako. Biek ere elkarrekin jokatu izan dute bikote gisa. Oraingoan Mikel Silveti atzelariak irabazi zion Marlon Watkins aurrelariari, 25-9 emaitzarekin. 

Jubenilen partidaren ondoren (Hondarribiko Mattin Bereauk 25-12 emaitzarekin irabazi zion Danok Bateko Ekhi Leteri), senior mailako finala jokatu zuten, arratsaldeko azkena. Bertan, Zumaiako Cosme Agirre eta Hondarribiko Julen Basterra neurtu ziren. Final berdindu batean, Agirre izan zen garaile, 25-18 emaitzarekin, zumaiarren hirugarren txapela lortuz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide