GUTUNA

Kapitalismoari eta gerrari ez. Langileok gara alternatiba!

Herrriko hainbat eragile sozial eta sindikal 2025ko api. 30a, 08:00

Kapitalismoa berrantolatzen ari da, eta haren berrantolaketa autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik dator. Olatu erreakzionarioa indartzen ari den honetan, gerra erregimenaren eta militarismoaren alde egiten ari dira elite ekonomikoak, eta horrek, eskuin muturraren agendari ateak gehiago irekitzeaz gain, ondorio ezin kaltegarriagoak dakartza langile eta herri sektoreentzat; bereziki, kolektibo zaurgarrienentzat.

Trantsizio ekosozialari heldu eta ondasuna banatu beharrean, eredu produktiboa eraldatzeari eta bizitza erdigunean ezartzeari uko egin, herritarron oinarrizko eskubideak merkantilizatu eta hondamendira garamatzan agenda belizista batera garamatza kapitalismoak.

Ondorioetan erreparatu gabe, etekinen eta aberastasunen metaketa bilatzen duen kapitalak bere diru-gose asegaitzak eta arduragabekeriak eragindako krisiaren erantzule langileok bihurtu nahi gaitu.

Gure lanarekin sortzen dugun aberastasunaren birbanatzeari uko egitea gutxi balitz, esplotazioaren bidetik enpleguaren prekarizazioan sakontzea dakar eskaintzen digun errezeta neoliberal, neokontserbadore eta platrialkalak, gorputzak eta lurraldeak kolonizatuz eta ordaindu gabeko zaintza lanen banaketa orekatua ahalbidetuko lukeen enplegu banaketari eta lanaldiaren murrizketari galga jarriz.

Adar asko dituen kapitalismoaren krisi hau ordainduko dugunok ezin gara izan gehiengoa osatzen dugu langileria eta sektore herritarrak, gutxiengoaren poltsikoak diruz betetzen diren bitartean. Hondamendi programatu hau eta bidegabea ez ezik bideragarria ez den sistema kapitalista onartzeko prest ez gaudenak asko gara; distopia garaiotan, itxaropenari eta guztiontzat bizitza duin bat lortzeko helburuari heltzen diogunak.

Horregatik, ezarri nahi diguten agenda patriarkal, autoritario, ekozida, kolonialista eta suntsitzaile horri sakoneko agenda eraldatzaile bat kontrajarri behar zaiola uste dugu, ikuspegi eta balio feminista, ekosozialista, antiarrazista eta dekolonialetan oinarrituko den eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial eta ekonomiko burujabe bat. Eskubideak jomugan dituzten honetan, eskubide gehiago aldarrikatzeko garaia da. Sakoneko agenda eraldatzaile baten alde egiteko momentua da.

Euskal Herriak bakarrik ezin du. Fronte eta eremu guztietan egin behar zaio aurre kapitalismoari. Baina, ekarpen horretan, Euskal Herrian bertan bada indarra eta badira agenda eraldatzaile hori garatzeko oinarriak: GFO eta zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borroka, zerbitzu publikoen aldekoa, hamaika borroka sindikal eta abar.

Momentu honetan, 2020ko urtarrilak 30eko greba orokor arrakastatsuaren ardatzean egon ziren bi ekimen martxan daude, langile klasearentzat oinarrizkoak. Pentsioak gutxieneko soldatara arte osagarritzeko pentsiodunen mugimenduak martxan jarritako Herri Ekimen Legegilea da bata, aspaldikoa bezain oinarrizkoa den eskaria, eta Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokituko den lanbidearteko gutxieneko soldata propio bat ezartzeko euskal gehiengo sindikalak abiatutako dinamika, sektore zaurgarrienei zuzenean eragingo liekeen neurria (emakumeei, gazteei, migratu eta
arrazializatuei, aniztasun funtzionala duten langileei), eta kapital-errenten eta enplegu- errenten arteko arrakala gutxitu ez ezik langileon arteko arrakalak gutxituko lituzkeena.

Euskal Herrian lor dezakegulako, borroka horiei heldu eta eremuz eremu beste hainbat borroka aktibatuta, eraldaketa sozialaren aldeko konpromisoan berresten gara. Honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Gerrari eta gastu militarra igotzeari ez.
  • Zerbitzu publiko duinak eta kalitatezkoak.
  • Bidezko trantsizio ekosoziala.
  • Migrazio politika ankerrak amaitu.
  • Etxebizitza eskubidea da. Negoziorik ez.
  • Aberastasuna banatu. Aberatsak zergapetu.
  • Gure herri eta eskualdeetan lan duina.
  • Zaintza sistema publiko komunitarioa garatu.
  • Gutxieneko soldata eta pentsioak ezarri.

Denok agenda horren alde egiteko momentua da, Euskal Herrian alternatiba badagoela erakustekoa. Mundu mailako olatu erreakzionarioaren aurrean egin dezakegun ekarpen onena horixe da.

Gora langileon borroka!

Sinatzaileak:

ELA

LAB

ESK

Balenciaga ontziolako langile batzordea

Ernai

Zumaiako Gazte Asanblada

Ikama

Zumaiako Pentsiodunak

ZUOPA Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataforma

Zumaiako Mugimendu Feminista

Malen Etxea Sortu

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide