Frida Watkins, etxean garaile

Juan Luis Romatet 2025ko api. 29a, 10:43

Frida Watkins Harry aitarekin, partidaren amaieran. (Eraman Jai Alai)

Zumaiako Master Series zesta punta txapelketa irabazi du puntista zumaiarrak, Ihart Arakistainekin bikotea osatuta. Atzo arratsaldean jokatu zituzten finalak Aitzuri frontoian. Gizonetan, Urreisti eta Manci mutrikuarrak izan dira irabazleak. 

Denboraldian jokatutako hirugarren finalean garaipena erdietsi du azkenean Frida Watkins puntista zumaiarrak. Non, eta etxean jantzi du pilotari gazteak txapela, Zumaia Master Series txapelketan, hain zuzen. Ihart Arakistain puntista izan du bikote txapelketa horretan, eta final estu batean lortu du podiumeko goiko mailara igotzea. 

Berriatuan eta Lekeition finalera heltzea lortu zuen Watkinsek, baina garaipenak ihes egin zion bietan. Zumaian ez, bere ibilbideko lehen garaipen handia lortu du zumaiarrak. Ihart Arakistainekin bikotea osatuta, Helena eta Maia izan zituen atzokoan aurkari. Partida estua izan zen, berdindua, hiru jokotan erabaki zena. Zumaiarrak partida segurua jokatu du atzean eta Ihartek erremate onak egin ditu, saihetsetik batik bat. Lehen jokoa Frida eta Ihartek irabazi zuten, 15-14 emaitzarekin; bigarrena Helena eta Maiak, 13-15 emaitzarekin, eta berdinketa hautsiko zuen jokoa Sopelakoak eta Zumaiakoak irabazi zuten, 5-3 emaitzarekin. 

Ondoren, jaialdia amaitzeko, gizonen finala jokatu zuten. Eñaut Urreisti eta Mikel Mancisidor mutrikuarrak izan ziren nagusi. Iaz bigarren geratu ziren Erkiaga eta Urangaren aurka galduta. Aurten Barandika eta Lekerika izan dituzte aurkari, eta bi jokotan irabazi zuten txapela (15-12, 15-10).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide