Gero eta hurbilago da aurtengo Euskaraldia. Pasa den ostiralean, hilaren 25ean, aurkeztu zuten Euskaraldiaren bueltan Zumaian sortutako hamaikakoa. Izen bat falta zen jakiteko, eta Telmo Iruretarena da hori.
Telmo Zumaiako aktore eta humoregile dugu, eta euskararen inguruan galdetzean, bere ama hizkuntza dela kontatu digu. “Euskara maite dut eta etxean sentiarazten nau. Ez dut nahi bezain beste erabiltzen, nire laguntzaileak nikaraguarrak direlako eta euskaraz ez dakitelako, baina bikotekidearekin egiten diot lekutxo bat gure egunerokotasunean” aitortu du.
Euskaraldiari dagokionez, proposamen gisa jaso du, eta bai hamaikakoan bai egingo den ariketan parte hartzea keinu polita dela uste du, euskara gure nortasunaren parte dela azpimarratzen baitu.