Trainerilla denboraldiari ekingo diote bihar Zumaiako ontziek

Juan Luis Romatet 2025ko api. 30a, 14:19

Zumaiako trainerilla, artxiboko irudian. (Juan Luis Romatet)

Igandera bitartean Ligako hiru estropada jokatuko dituzte. Igandean bertan, arratsaldez, San Telmo jaietako estropadak izango dira Zumaian. 

Trainerilla denboraldiari hasiera emango diote bihat, Gipuzkoako ligako lehen jardunaldiarekin. Sasoi laburra izango da, ligak lau jardunaldi bakarrik izango dituelako. Ondoren etorriko dira Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak.

Bihar, ostegunez, Pasaian izango dituzte estropadak. Larunbatean Hondarribiak hartuko du lekukoa, eta igandean Getariak. Ligako laugarren eta azken jardunaldia, Gipuzkoako txapelketarako sailkapen estropada ere izango dena, maiatzaren 10ean jokatuko dute Mutrikun. Gipuzkoako txapelketa, aldiz, egun bat geroago, hilaren 11n jokatuko dute, Pasaian. 

Zumaia bost ontzirekin lehiatuko da Gipuzkoako ligan. Emakume kadeteen ontzi bat uretaratuko dute, eta bina seniorretan, gizonetan zein emakumeetan.

San Telmo saria igandean

Ligatik kanpo, igande arratsaldean sona handia duen estropada jokatuko da Zumaian, San Telmo jaien repetizioetan. Gizonetan, XL. San Telmo saria izango da jokoan, eta XI. San Telmo saria emakumeei dagokionez.

Estropadak 17:30ean hasiko dira Urolaren itsasadarrean, emakumeen lehiarekin. Banderaren bila aterako diren ontziak, emakumeetan, Zumaia, Arraun Lagunak, Hondarribia, Tolosa, San Juan eta Zarautz izango dira. Hauen amaieran, gizonen txanda izango dira. Honako ontzi hauek izango dira lehian: Zumaia, Zarautz, Getaria, Orio, Hondarribia, San Juan, San Pedro eta Donostiarra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide