Sambou Diaby aktore zumaiarra protagonista duen Faisaien irla filma astelehenean aurkeztuko dute Zumaian, maiatzaren 5ean. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta bertan izango dira, Diabyrekin batera, filmeko zuzendari Asier Urbieta eta Jone Laspiur aktorea ere. Gero, ikusitakoaren inguruko hizketaldia eskainiko dute hirurek.
Ibaia zeharkatu zuen migrante baten paperean sartu zen Diaby Euskal Herri osoan zehar taularatu duten Miñan antzezlanean. Bidasoa ibaiaren bueltan girotutako thriller batean parte hartu du orain: Asier Urbietaren Faisaien Irla filmean, hain zuzen.
Munduko kondominio txikiena da Faisaien Irla, Bidasoa ibaiaren erdialdean kokatutako uhartea. Sei hilabetero aldatzen dute burujabetza partekatua Frantziako eta Espainiako estatuek. Urbietak idatzi eta zuzendu duen filmean, ibaiaren beste aldera heldu nahi duten bi pertsona igerian ikusiko ditu Laidak [Jone Laspiur] eta Sambouk [Sambou Diaby] osatutako bikoteak, ibai ertzean paseoan ari direla. Gorpu bat azalduko da egun batzuk geroago inguruetan, kondominioa aldatzen ari diren unean bertan. Hilotzaren agerpenak "hankaz gora" jarriko du bikotearen bizimodua.
Sarrerak erosi daitezke dagoeneko, helbide honetan.