Zapotxin antzerki taldearen Baratxuri zoparen sekretua ikuskizunean lau pertsonaia antzezten ditu Libe Yeregik. Antzerkian aurrez ibili gabea bada ere, "bere lekua" sentitzen du eszenatokia. Aurki ikusi ahal izango da Zumaian.
Nondik sortu zitzaizun pailazo aritzeko aukera?
Markel [Oiarzabal] da proiektu honen sortzailea. Haur Hezkuntza egiten ari nintzela ezagutu nuen; nire ikaskidea izan zen. Iaz garatu zuen proiektua, eta lehenbiziko emanaldia eskaini zuen herriz herri. Arrakasta izan zuen, eta bigarren urte honetarako nahi zuen bigarren aktore bat txertatzea emanaldian. Iaztik ari zen ni animatzen, baina lotsa ematen zidan. Ideia gustatzen zitzaidan, baina lotsak gainditu egiten ninduen. Dena den, proiektuaren bigarren zati hau aprobetxatu dut probatzeko.
Zer moduzko esperientzia izan da? Espero zenuenaren antzekoa?
Markel lanean ikusten nuen duela bizpahiru urte, baina ez neukan haren erreferentziarik. Lehenengo emanaldia ikusi nuenean pentsatu nuen proba nezakeela.
Pirritx eta Porrotxen estilora sortu zuen lehen ikuskizun hura: emanaldi bat sortu eta eta urte osoan zehar aurkeztu zuen herrietan. Emanaldiko entseguetara joan nintzen; nik ikusi egin nahi nituen, eta berak ere nahi zuen nik ikustea. Konturatu nintzen oso potentea zela Markelek egin nahi zuena. Egitura aldetik maila handiko ikuskizuna iruditu zitzaidan. Gainera, euskal kulturarekin lotutako emanaldia zen.
Hezkuntza arloko ikasketak egin dituzu. Hezkuntza beste ikuspegi batetik lantzeko aitzakia izan al da Zapotxinekin aritzea?
Hezkuntza bi alde horiek dira, formala eta ez-formala. Dena den, emanaldiak oso pedagogikoak direla esango nuke: pedagogia, umoretik eta beste tresna batzuk erabilita. Hori ere polita da. Umorea erabili arren, uste dut iristen zaizkiela mezuak ikusleei.
Ardura sentitzen al duzu pailazo bezala egiten duzunarekin?
Bai, izan ere, oholtza gainean erreferentea zara haurrentzako. Inprobisaziotik ere edaten dugu askotan, baina, hala ere, beti topa daiteke egoera bat ondo bideratzeko modua. Batzuetan pailazo izateak jolasa dirudi, eta bada, baina mezuak ere hor daude.
Erreferenteak aipatu dituzu. Zeintzuk izan dira zeureak?
Pirritx eta Porrotx izan dira Markelenak Zapotxin sortzerako orduan, eta nireak ere bai, uste dut. Emankizunaren ildoa ere haienaren antzekoa da.
Zer du desberdina zuen ikuskizunak gainerakoengandik?
Pailazoen ikuskizun asko dago, baina ez dira hain pedagogikoak, nire ustez. Gazteak izanda ere, uste dut beste ikuspuntu batzuk dauzkagula, agian beste emanaldi batzuek eskaini ezin dituztenak.
Falta zen zuek eskaintzen duzuenaren antzeko zerbait?
Proiektu hau Markelek sortu du, eta ez dakit hutsune hori bete nahian hasi zen proiektua garatzen. Baina bai, nik uste dut falta zela halako zerbait.
Bigarren ikuskizun hau nola sortu duzue?
Markelek berak sortu du ideia eta ikuskizuna. Gero elkartu egin ginen; harreman estua daukagu.
Zer gai lantzen dituzue?
Lau pertsonaia antzezten ditut nik emanaldian zehar. Antzezlan honetan erakutsi nahi izan dugu sorginen irudi bat, baina ohiko iruditegitik kanpokoa: sorginak, edabe magikoak, erratzen gainean doazen gaiztoak... Hori guztia irauli nahi genuen, erakutsi hori ez dela sorgin izatea.
Zapotxinek lehenengo Maripanpalonarekin egiten du topo. Harekin hasiko da sorgin izaten ikasten, eta pertsonaiaz pertsonaia egingo du prozesu hori Zapotxinek, Kroketa Koketarekin, Serafino Bonbardinorekin, eta, azkenik, Amona Badalonarekin. Amaieran topo egingo du berriz ere Maripanpalonarekin, eta orduan ohartuko da bide horretan ikasi duela sorgin izaten.
Nola ikasten da pailazo izaten? Eta nola entseatu duzue, norberak bere aldetik, ala elkarrekin?
Ni ez naiz aktorea, ez dut antzezten ikasi. Gidoia hartu nuen, eta ikasteko trukoen bila aritu nintzen. Elkarrizketetan eta, berak esaten duena entzunda erraza da nik esan behar dudanaz gogoratzea. Etxean bere zatia eta neurea, biak, irakurtzen nituen ahots goran.
Lau pertsonaia antzezten dituzu, norbere izaera, janzkera eta ahotsarekin.
Bai. Hala ere, uste nuena baino hobeto moldatu naiz horretan.
Lehenengo emanaldian nola ikusi zenuen zure burua?
Hernanin [Gipuzkoa] izan zen; Markel hernaniarra da. Akordatzen naiz emanaldia hasteko minutu gutxiren faltan Markel eta ni oihal atzean geundela, eta benetan ez nengoela urduri. Arraroa izan zen, aurreko egunetan-eta oso urduri egon nintzelako. Bat-batean, hasi zen soinua, eta atera nintzen agertoki gainera. Ni ateratzen naiz oholtza gainera aurrena ikuskizun honetan. Nire saltsan nengoen; sentsazio polita izan nuen. Hazita sentitzen nintzen eszenatokian, eta gainera, inguruko jendea ere han zegoen, harmailetan. Markelek ere esaten zidan oso ondo ari ginela. Beste gauza batzuk egin ditudanean, ikasketekin lotutako lanak, adibidez, segurtasun gutxiago eduki izan dut neure buruarengan. Proiektu berri honetan, ordea, banekien ondo zegoela egiten ari ginena.
Zer harrera izan zuen ikuskizunak?
Bi emanaldi eskaini genituen otsailaren 1ean, bata bestearen jarraian, eta ia bete egin zen bietan Biteri kultur etxeko areto nagusia. Markel Hernanikoa izanik, hasieratik erantzun zuten herritarrek. Emanaldia amaitutakoan, argazkiak ateratzen ditugu haurrekin, eta izaten dugu beren erreakzioak emanaldia amaitu berritan jasotzeko aukera. Eta gurasoenak ere bai: azken finean, haurrek mezuak jasotzen dituzte, baina momentuan ez dira kontziente. Beraiek ondo pasatzen dute, eta nahiz eta geratuko diren mezu batzuekin, ez dute gurasoek momentuan egin dezaketen kritika egiteko gaitasunik. Haurrak pozik ikusi genituen, eta gurasoen aldetik harrera oso ona izan zuen.
Ikuskizuna beste herri batzuetara eramango duzue datozen hilabeteetan.
Hernaniko bi emanaldi horiez gain, Iruñean ere izan gara. Martxoan Lekeition [Bizkaia] izango gara, eta aurrerago Zumaian ere bai.
Lana da zuretzat, edo zaletasuna?
Gozatzeko lan bat da. Azkenean, hortik ere irabazten dugu, baina disfrutatzeko proiektu bat da. Beste pertsonaia baten barruan sartzen naiz, eta leku horretatik aritu.
Haurrentzat izan daiteke terapeutikoa jolasa eta umorea. Zuretzat ere bai?
Libe naizenean isiltzen ditudanak esaten ditut pertsonaiatik. Markeli maite dudala esan izan diot, adibidez, pertsonaiatik. Agian gehiago esan beharko nituzke halakoak Libe naizenean ere, baina beste bide bat bilatu dut horretarako.
Urte zaila izan da niretzat, eta proiektu honen parte izateak lagundu egin dit. Denbora neraman prozesu terapeutiko batean, eta aurrez prozesu hori egin izan ez banu uste dut ez nintzatekeela proiektu honetara batuko. Nire buruarengan sinesteko lan egin behar izan dut, eta horregatik animatu naiz. Atzetik dena ez da hain polita.
Oraintxe hasi zara, baina ikusten duzu zeure burua etorkizunean ere pailazo lanetan?
Egia da mundu honetan sartu naizen momentutik sekulako harrera ona egin didatela taldean. Ez gara Markel eta biok bakarrik: teknikariak, harremanetarako pertsona bat eta Markelen aita ere gurekin egoten dira, eta dendan ere bai beste pertsona bat. Familia bat da gurea. Egia esan, ez dakit hezkuntza formalean lan egingo dudan. Mundu artistikoa beti gustatu izan zait, eta gehiago nahi dut arakatu bide hori.