Maiatzaren Lehenean mobilizazio jendetsua egin dute Zumaian gaur arratsalde partean herriko hamaika eragilek deituta. Protesta zaratatsua 18:30ean abiatu da Balenciaga ontziola paretik, eta txosnagunerainoko bidea egin dute.
Euskal Herriko hiriburuetan sindikatuek deitutako mobilizazioetan egon arren, herrian bertan mobilizatzearen garrantziaz jabetzeko mezua zabaldu dute amaieran, "herriz herri esnatu eta aktibatu" beharra dagoelako "kapitalismoak inposatzen duen agendaren aurka". Izan ere, uste dute agenda horren bidez herri sektoreen, langileen eta herrien eskubide indibidualak eta kolektiboak murrizteko ahaleginean ari direla.
Imanol Beloki LABeko ordezkariak eta Balenciaga ontziolako langileak hartu du hitza gero, eta iragarri du, segurutzat ezer jotzerik ez dagoen arren, "etorkizuna argitzen" ari dela. Egoera horretara iristeko, langileen borrokak eta autodeterminazioak ezinbestekoak izan direla iruditzen zaio Belokiri. Zentzu horretan, herritarrengandik jasotako babesa eskertu nahi izan du hitzartzean.
Osasungintza publikoaren inguruan aritu da Ruth Salaberria, eta beste behin ere, Zumaiako anbulatorioko egoera ekarri nahi izan du gogora. Egoera horren aurrean, kalitatezko osasun sistema publikoa defendatzeko deia egin du, "orain arteko politika pribatizatzaile eta murriztaileak irauliz".
Pentsiodunen izenean, berriz, Bittor Bengoak hartu du hitza, eta zazpi urteren ondoren, pentsio duinen aldeko borrokan tinko jarraitzen dutela jakinarazi du. Herri ekinaldi legegileaz aritu da Bengoa: Eusko Legebiltzarrean 60 urtetik gorako pentsiodunei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzearen inguruan eztabaidatu dezaten sinadurak biltzen ari dira, eta "asko" bildu badituzte ere, herritarrei eskatu die beren ekarpena egiteko.
Ondorengo eragileek deitu dute gaurko mobilizazioa: ELA, LAB, ESK, Balenciaga ontziolako langile batzordea, Ernai, Zumaiako Gazte Asanblada, Ikama, Zumaiako Pentsiodunak, ZUOPA Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataforma, Zumaiako Mugimendu Feminista, Malen Etxea eta Sortu.