Euskaraz jolas egiteko, Lapetan sortu dute Gukak eta Zumaiako Udalak elkarlanean, galdera-erantzunen online jokoa. Bihar hasiko da, maiatzak 5, eta hilaren 27ra bitarte izango da martxan Lapetan, astelehenero.
Zumaiarekin eta Euskal Herriarekin lotutako zenbait galdera erantzun beharko dituzte parte hartzaileek, zumaiar peto-petoak al diren erakusteko. Euskara, kultura, erlijioa, kirola, zientzia, ingurumena, politika, festak, geografia, historia, ekonomia, artea eta gizartea izango dira galdera horien artean aurkitu ahal izango diren gaietako batzuk, hain zuzen. Izan ere, jolasa martxan jarri izanaren helburuetako batzuk dira euskara bultzatzea eta herri izaeraren transmisioan laguntzea.
Hamar galdera
Parte hartzaile bakoitzak 10:00etatik 22:00ak artean hamar galdera erantzun beharko ditu, eta asteroko galdera-erantzunen sailkapenaren batura asteartetan argitaratuko da, eguerdietan. Sari potoloak iragarri dituzte: irabazleak Aita Mari jatetxean lau lagunentzako jatordua eskuratuko du, eta Begi Bistan enpresaren eskutik itsas bidaia bat ere bai. Parte hartzaile guztien artean, gainera, bi lagunentzako bi jatordu zozkatuko dira Txopa tabernan.
Lehiaketan parte hartzeko, ez da aurrez izenik eman beharko, baina ezinbestekoa izango da zumaiaguka.eus atarian logeatzea, erabiltzaile datuak sartuta. Erabiltzaileak ez diren lagunek, momentuan datuak sartu eta erabiltzailea sortu beharko dute galderetara sarbidea izateko. Ezinbesteko baldintza izango da 18 urteak beteak izatea.