Kirol ekitaldien faltarik ez zen izan San Telmo jaietako azken egunean. Eguerdi partean zaldi lasterketak egin zituzten Itzurun hondartzan, eta arraunak hartu zion lekukoa arratsaldez Urolaren itsasadarrean. San Telmo trainerilla sariak jokatu zituzten repetizioetako azken txanpan. Gizonen 40. saria izan zen jokoan, eta hamabigarrena emakumeen kasuan. Denek ere lau luze egin behar izan zituzten, hiru ziabogarekin. Guztira, 2.500 metro.
Emakumeen estropadek eman zioten hasiera arraun saioari. Sei ontzi aritu ziren lanean, hiru txandatan banatuta. Lehen txandan Zarautz eta San Juan aritu ziren, Tolosaldeak eta Arraun Lagunakek bigarrengoan, eta Zumaiak eta Hondarribiak hirugarrengoan. Irabazlea Tolosaldea izan zen; bigarren egin zuen Zumaiari 11 segundoko aldea atera zion. Hirugarren Hondarribia izan zen.
Gizonen txanda izan zen jarraian. Zortzi ontzi aritu ziren banderaren bila, lau txandatan banatuta; Getaria eta Hondarribia lehenengoan, Donostiarra eta Orio bigarrengoan, San Juan eta Zarautz hirugarrengoan, eta Zumaia eta San Pedro laugarrengoan. Orio izan zen azkarrena, Donostiarra eta Getariaren aurretik. Etxeko ontzia zazpigarren izan zen, bere txanda irabazi eta gero.
Sailkapenak
Emakumeetan
- Tolosaldea: 11:18,31
- Zumaia: 11:29,47
- Hondarribia: 11:38,69
- San Juan: 11:42,77
- Zarautz: 11:47,79
- Arraun Lagunak: 11:51,30
Gizonetan
- Orio: 9:55,24
- Donostiarra: 9:59,33
- Getaria: 10:03,50
- Hondarribia: 10:04,71
- San Juan: 10:05,27
- Zarautz: 10:09,15
- Zumaia: 10:30,38
- San Pedro: 10:50,25
Gipuzkoako liga
Gipuzkoako trainerilla ligako beste bi jardunaldi ere jokatu dituzte pasa berri den asteburuan: Hondarribian bigarrena, herenegun, eta Getarian hirugarrena, atzo. Pasa den ostegunean Pasaian egin bezala, Zumaiako emakumeek garaipenak erdietsi dituzte bi arraun saioetan, maila absolutoan. Kategoria berean, Zumaiako B ontzia seigarren izan zen bi jardunaldietan.
Larunbatean, Hondarribian, emakume kadeteak ere garaile izan ziren. Igandeko saioan, berriz, laugarren egin zuten Zumaiako gorriek.
Gizonetan, maila absolutoan, zazpigarren izan zen Zumaiako A ontzia Hondarribian eta zortzigarren Getarian. Federazio Kopa lehiatzen ari den B ontzia, bere aldetik, bederatzigarren izan zen Hondarribian eta seigarren Getarian.