Zumaiak ez du atsedenik hartuko santelmoen ondoren. Ajeak alde batera utzita, kultur egitarau oparoa izango da asteburuan herrian. Hala, kultur ekitaldi bana izango da ostiralean zein igandean Aita Mari aretoan.
Ostiralean, 20:00etan hasita, Haatik dantza konpainiaren OTS ikuskizuna ikusteko parada izango da Zumaiako aretoan. Lan hau Herri gogoa Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortu dute. Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin.
Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiarrak sortutako koreografiak, euskal dantza izan du inspirazio iturri. Hauek aztertzerakoan, antolatzeko eta espazioan idazteko modu berriak sortu, eta euskal dantzen mekanismoak, interprete bakoitzaren eta taldearen sentimendu intimo eta pertsonalagoak adierazteko tresna gisa erabili ditu.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean, 8,50 euroan (Gazte Txartelarekin 5,95 euroan). Egunean bertan aretoko leihatilan erosi ahal izango dira.
Haur antzerkia igandean
Igande arratsaldean, berriz, 16:30ean hasita, Scrooge eta mamuak haur antzerkia taularatuko dute Aita Mari aretoan. Charles Dickensen Gabonetako ipuina lanaren egokitzapena da, Khea Ziaterren estiloan egina. Antzerkia, zinema eta panpinak uztartzen ditu Ebenezer Scrooge bankari berekoi eta diruarekin obsesionatuaren eraldaketa kontatzeko.
Sarrerek 4,25 euro balio dute, eta dagoeneko eros daitezke Turismo Bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean. Egunean bertan, aretoko leihatilan egongo dira salgai.
Hurrengo ostiralean, hilaren 16an, egingo den Renata antzezlanerako sarrerak ere bihar jarriko dituzte Turismo Bulegoan eta interneteko gune berean, 8,50 euroan; 5,95 euroan Gazte Txartelarekin.