Kultur jardueraz beteta dator datorren asteburua. Aita Mari aretoak hartuko dituen dantza ikuskizunaz eta igandeko haur antzerkiaz gain, igandean bertan Kaleko pintura lehiaketa eta Udaberriko argazki rallyak egingo dituzte. Biak ere goiz partean egingo dituzte herriko kale eta txokoetan zehar.
Margogintzan zaletua den edonork har dezake parte pintura lehiaketan. Parte hartzaileek lana kalean eta Zumaiako lur eremuaren barruan egin beharko dituzte, teknika eta gaia margolarien esku geratzen delarik. Hori bai, egindako lanek Zumaiarekin lotura izatea eskatu dute antolatzaileek, lotura hori zuzena edo zeharkakoa izan daitekeelarik.
Lanen euskarriak Oxford aretoan zigilatuko dituzte goizeko 9:00etatik 11:00etara bitartean. Bukatutako lanak, aldiz, 13:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu beharko dituzte Oxforden bertan. Areto horretan egingo dute aurtengo lehiaketako sari banaketa, 18:00etatik aurrera.
Sariei dagokionez, irabazleak 800 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarrengoak 300 euro. Bertakoentzako saria ere izango da, 300 eurokoa; bestelako saririk irabazi ez duen lehen zumaiarrak jasoko du diru kopuru hori.
16 urtetik beherakoentzako sariak ere izango dira, Pinturas Rubio saltokiak emandakoak, 12 urte bitarteko onenari, eta 12 eta 16 urteko bitarteko onenari, hain zuzen.
Argazki rallya ere bai
Igandean bertan, Udaberriko argazki rallya egingo dute. Kamera digitala eta memoria-txartela dituen edozein zalek parte hartu ahal izango du. Izenak egunean bertan emango dira, goizeko 9:00etatik 10:00etara, Oxford aretoan. Gaiak izena ematerako orduan jakinaraziko dira. Argazkiak Zumaiako udalerriaren muga barruan egin beharko dira. Memoriaren txartela hutsik egongo da rally hasieran.
Txartelak 13:00etatik 14:00etara deskargatuko dira izena emandako toki berean. Nahi dituzten argazki guztiak atera ahal izango dira, baina txartela deskargatzeko orduan 36 argazki bakarrik egongo dira bertan, JPG formatuan. Lehen argazkia parte-hartzailearen aurpegiaren argazki bat izango da.
Ondoren, parte-hartzaile bakoitzak bost argazkiz osaturiko bilduma aurkeztu beharko du (+ kontrolekoa), deskargatutako 36 argazkien artean aukeratutakoak; gai bakoitzeko argazki bat. Argazkiak aurkezteko posta elektronikoko mezu bat bidali beharko da zumaia.udaberrikorallya@gmail.com helbidera 2025ko maiatzaren 18a baino lehen (igandea). Bertan parte-hartzailearen zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratu den argazkiaren artxibo izena zehaztuko dira. Sari banaketako eguna, ordua eta lekua garaiz iragarriko dira.
Gertu elkarteko erosketa txartelez osatutako sariak emango dituzte. 16 urtetik gorakoen kasuan, lehen bilduma 200 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu, bigarrenak 150 euro eta hirugarrenak 120 euroa. Adin horretatik beherakoei dagokionez, lehen bildumak 80 euro eta garaikurra eramango ditu, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 50 euro. Herriko sailkatu onenak 100 euroko saria jasoko du.