Euskaraldia 2025

Euskaraldiko txapak banatzen hasi dira aste honetan Zumaian

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 7a, 14:46

Euskaraldiko aurtengo txapak. (Euskaraldia)

Aurtengo ariketa sozialean Ahobizi edo Belarriprest izango diren lagunek aste honetan eskuratu ahal izango dituzte txapak. 

Gero eta gutxiago falta da Euskaraldiari hasiera emateko. Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo da aurten euskara ardatz duen ariketa soziala. 11 egun horietan, batzuek Ahobizi rola hartuko dute, eta besteek Belarriprest rola. Hori erakusteko, txapak eramango dituzte paparrean. Oraindik ere zabalik dago izen ematea, Euskaraldiaren webgunean

Aste honetan hasi dira Euskaraldiko txapak banatzen herrian. Txapak eskuratzeko ezinbestekoa izango da Euskaraldian izena emanda egotea. Atzo arratsaldez Zumaienan banatu zituzten, eta gaur goizean Institutuan aritu dira. Bihar, osteguna, Herri eskolan izango dira, 16:30etik aurrera, eta ostiralean, hilaren 9an, 19:30etik aurrera Aita Mari zineman. Larunbatean, aldiz, Kofradiako plazatxoan jarriko dute mahaia, 11:00etatik 12:30era bitartean. Leku horietan izena emateko aukera ere izango da. 

Aipatu tokiez gain, herriko beste leku batzuetan ere jaso ahal izango dira txapak, hala nola, Zumaiako Emakumeon Etxean, AEKren euskaltegian, Lubaki kiroldegian, udaletxean eta Turismo Bulegoan.

Gaur gaurkoz 725 lagunek eman dute izena Euskaraldian. Aurreko edizioan 1.816 zumaiar apuntatu ziren. Kopuru horretara heltzea izango da erronka. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide