Izen ematea zabalik dago hilaren 18an jokatuko duten haurren 3x3 saskibaloi txapelketarako

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 9a, 03:30

3x3 saskibaloira jokatzen.

Gipuzkoako 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko dute hurrengo igandean, hilaren 18an, Zumaian. Horrekin batera, haurren txapelketa ere antolatuko dute. Azken horretarako izen ematea etzi, igandean, amaituko da.

3x3 saskibaloa ezagutzeko aukera paregabea izango da hurrengo igandean, hilaren 18an, Zumaian. Egun horretan U17 kategoriako Gipuzkoako txapelketa jokatuko da herrian, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak udalarekin elkarlanean antolatuta. Partidak Eusebio Gurrutxaga plazan jokatuko dira (eguraldi txarrarekin, Herri Eskolako aterpean). Bertan kokatuko dituzte kirol jarduera hori jokatu ahal izateko pistak.

Horrekin batera, haur eta gaztetxoei zuzendutako txapelketa ere antolatuko dute. Bi kategorian jokatuko dute, kadete mailan (2009. eta 2010. urteetan jaiotakoak), eta infantil mailan (2011. eta 2012. urteetan jaiotakoak). Gutxienez, hiru laguneko taldeak izango dira, eta gehienez bostekoak. Izenak Lubaki kiroldegian emango dituzte. Epea igandean, maiatzaren 11n itxiko dute. 

Txapelketa ofizialak utziko dituen tarteetan jokatuko dute haurren txapelketa. Ordutegien berri datorren astean emango dute antolatzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide