Landa eremuko emakumeen egoera sozioekonomikoa, kulturala eta politikoa aztertzeko helburuarekin, 6.700 euroko ikerketa beka eskainiko du aurten Zumaiako Udalak. Emakumeek landa ingurunean izan dituzten eginkizunei ikusgarritasuna eman nahi diete, batetik; eta genero desberdintasunak identifikatu eta horiei aurre egiteko estrategiak proposatu, bestalde.
Udalak azaldu duenez, "herriaren historia eraikitzeko ardatza" izan da "emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna". "Gizonak izan dira objektu bakar, eta horrek, bazterrean geratzen diren errealitateak aintzat hartzen ez dituen kontakizun bat eman digu", azaldu du udalak. Landa eremuko emakumeek funtzio produktibo, sozial, kultural eta ingurumenekoak bete izanagatik, ikusgarritasun sozialean defizit nabarmena izan dela uste dute.
Banaka nahiz taldean
Ekainaren 17ra artean aurkeztu ahal izango dira proposamenak, Zumaiako Udalaren Erregistro Orokorrean edo egoitza elektronikoaren bidez. Jasotzaileak sei hilabeteko epean egin beharko du ikerketa, euskaraz. Zumaiako Udalaren webgunean eskura daiteke informazioa eta eskaera egiteko beharrezko dokumentazioa.
Banaka nahiz taldeka aurkeztu daiteke deialdira, eta zenbait baldintza bete beharko dira: parte hartzaileek unibertsitate ikasketak eta euskararen C1 maila egiaztatu beharko dituzte –taldeen kasuan, gutxienez %50ak eta arduradunak–. Bekaren emaitza jendaurrean aurkeztu beharko dute, gainera.
Berdintasun alorreko beka da honakoa, eta Berdintasun Planaren barruan kokatzen da, zehazki, zaurgarritasun egoeran dauden emakumeen bizi baldintzak hobetzea helburu duen puntuari erantzuten dio, udalaren arabera.
Azken deialdian, Maitane Subijana Zendoiak eta Miren Osa Galdonak jaso zuten beka, Mostradore atzean ikerketa lana egiteko.