Ez da asteburu ona izan Zumaiarentzat Herriarteko txapelketan

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 12a

Gomazko paletako modalitean jokatutako partidako irudia. (Zumaiako Kirol Elkartea)

Gipuzkoako Herriarteko txapelketako partidak hartu ditu asteburuan Aitzuri frontoiak. Zesta punta eta gomazko paleta modalitatetan aritu dira Zumaiako pilotariak, eta bietan galtzaile suertatu dira. 

Ez dio hasiera ona eman Zumaiako Kirol Elkarteak aurtengo Gipuzkoako Herriarteko txapelketari. Gomazko paleta eta zesta punta modalitateetako partidak jokatu dituzte pasa berri den asteburuan Aitzuri frontoian, eta bietan ere garaipenak ihes egin die zumaiarrei. 

Ostiralean, zesta punta modalitateko ligaxkako lehen jardunaldia jokatu zuten Zumaiak eta Mutrikuk, kadete, jubenil eta nagusien kategorian. Kadeteko partidan, Silvetik eta Watkinsek 30-24 emaitzarekin irabazi zieten Mutrikuko Agirregomezkorta eta Beristaini. Jubeniletan, Mutrikuko Arrizabalagak eta Garciak irabazi zieten Enbil eta Goñiri, 15-30 emaitzarekin. Nagusien kategorian, berriz, Zumaiako Egañak eta Urangak 25-30 emaitzarekin galdu zuten Andonegi eta Arrillagaren aurka. Ondorioz, Zumaiak 1-2 emaitzarekin galdu du ligaxkako lehen jardunaldia.

Larunbat goizean gomazko paletako final hamaseirenetako itzulerako partida jokatu zuten Zumaiak eta Andoainek. Joaneko jardunaldian, 3-0 emaitzarekin irabazi zuten andoaindarrek, eta bueltakoan ere Buruntzaldekoak nagusitu ziren 1-2 emaitzarekin. Lehen partidan, 7-20 galdu zuen Martinek Andoaingo Etxeberriaren aurka. Binakakoan, Beristain-Beristain bikoteak 20-11 irabazi zion Amilibia-Barledi bikoari. Azken partidan, Zumaiako Cabaleirok 11-20 galdu zuen Belaunzaranen aurka. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide