Gipuzkoako trainerilla liga eta txapelketa irabazi ditu Zumaiak

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 12a

Zumaiako arraunlariak Gipuzkoako txapelketako banderarekin, Pasaian. (Telmo Deun A.E.)

Telmo Deun arraun elkarteko emakumeak nagusi izan dira ligan zein atzo Pasaian jokatutako Gipuzkoako trainerilla txapelketan. Zumaiako beste ontziek ere maila bikaina erakutsi dute. 

Hasi eta berehala amaitu dute aurtengo trainerilla denboraldia. Maiatzaren 1ean jokatu zuten ligako lehen jardunaldia, eta hamar egun geroago amaitu zuten, Mutrikun (Gipuzkoa) lehiatutako laugarren eta azken jardunaldiarekin. Igandean Pasaian jokatuko zuten Gipuzkoako txapelketarako estropada puntuagarria zen larunbatekoa, han erabaki zituztelako zer ontzi arituko ziren lurraldeko txapelketako banderaren bila. 

Bi ontzirekin hartu zuen parte Telmo Deun arraun elkarteak atzo Pasaiako badian jokatutako Gipuzkoako txapelketan. Maila absolutuko emakumeek bandera astintzeko aukera izan zuten, Tolosaldeak, San Juan eta Hibaika atzean utzita. Emakumeetan baita ere, baina kadeteetan, laugarren egin zuten Zumaiakoek. 

Bi ontzi hauek igandean Ondarroan jokatuko den Euskadiko trainerilla txapelketan arituko dira.

Liga amaituta

Lau jardunaldiz osatu da aurtengo Gipuzkoako trainerilla liga. Pasaian, Hondarribian, Getarian eta Mutrikun jokatu dituzte arraunketa saioak. Lortutako puntuei esker, Zumaiak liga irabazi du emakumeetan, maila absolutuan. Tolosaldea, San Juan eta Hibaika A-ren aurretik. Maila berean, Zumaiako B ontzia seigarren izan da. Emakumeetan baita ere, baina kadetetan, bigarren egin du Zumaiak. 

Gizonetan, seigarren izan da Zumaia maila absolutuan. Telmo Deunen bigarren ontzia kategoria horretan hirugarren izan da kopan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide