Gipuzkoako pilota egokituko txapelketa irabazi du Luis Zulaikak

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 12a

Luis Zulaika, txapelarekin, Arranplara heltzen. (Beduola elkartea)

Adimen urritasuna dutenen kategorian, teniseko paleta modalitatean irabazi du txapelketa Zumaiako bizilagunak. Larunbat arratsaldean harrera egin zieten Arranplan. 

Gipuzkoako euskal pilota egokituko txapelketa irabazi du Luis Zulaika Zumaiako bizilagunak. Pasa den larunbat arratsaldean Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatu zituzten txapelketako finalak.

Adimen urritasuneko kategorian, teniseko paleta modalitatean, multzo urdineko finalera heldu zen Zulaika. Azken partidan, Iraitz Huegunekin bikotea osatuta, Leire Troitiñori eta Beñat Lizasori irabazi zien, ondorioz, irabazlearen txapela jantziz. 

Zumaiako Kirol Elkarteko beste pilotari bat ere heldu zen finaletara, Josu Eskisabel, hain zuzen ere. Multzo gorrian aritu zen Eskisabel, adimen urritasuneko kategorian, teniseko paleta modalitatean. Ezin izan zuen, ordea, txapela jantzi. Hodei Asteasurekin bikotea osatuta, Sheila Cueto eta Josu Arratibelen aurka galdu zuten.

Harrera Arranplan

Beduola elkarteko kidea ere bada Luis Zulaika, eta bere lagunek harrera egin zioten larunbatean bertan, iluntze partean. Hamabi egun lehenago, San Telmo egunean, uretaratu zuten Hiru anai ontzira igo, eta Itsas kiroldegia eta Arbustaingo Arranpla arteko bidea egin zuen Zulaikak, txapela buruan eta garaikurra eskutan zuela. Behin Arranplan, lagunen esker ona jaso zuen txapeldunak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide