Partida azkarren Gipuzkoako xake txapelketan nagusi Oier Sarasketa

Juan Luis Romatet

Zumaiako xake klubeko jokalariak, pasa den igandean Elgoibarren jokatutako txapelketan. (Kbi xake kluba)

Hamabost egun lehenago jokatutako Euskadiko txapelketan zazpigarren egin zuen xake jokalari gazteak, maila absolutuan. 

Oier Sarasketak partida azkarren Gipuzkoako xake txapelketa irabazi du. Elgoibarren jokatu zuten txapelketa herenegun, igandez, eta Kbi xake klubeko jokalari gazteak irabazlearen garaikurra jaso zuen. Berdinketa bat izan ezik, beste partida guztiak irabazi zituen Sarasketak.

Zumaiako xake klubeko beste jokalari batzuk ere lehian izan ziren igandean Elgoibarren. Hala, Xabier Aranzabal laugarren izan zen sailkapenean; partida bakarra galdu zuen, justu taldekide Oier Sarasketaren aurka. Miguel Angel Aguado 18. izan zen, Julio Hernan Andrade 23., eta Oscar Aizpurua 26.

Zazpigarren Euskadikoan

Elgoibarkoa ez da izan azken aldian Sarasketak lortutako emaitza ona. Bi aste lehenago, santelmoetako lehen asteburuan Legazpin jokatutako Euskadiko xake txapelketan, zazpigarren egin zuen jokalari gazteak maila absolutuan. Lau onenen artean egon zen jarduera guztian, baina azken partida galduta, postu batzuk galdu zituen. Hala ere, txalotzeko txapelketa egin zuen, kategoria horretan aritutako adingabeko bakarra izan zen eta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide