'No other land' film palestinarra, ostegunean zineforumean

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 13a

Film dokumental onenaren Oscar saria jaso du Ostarrena zine klubak etzi, ostegunez, Zumaiako Aita Mari aretoan emango duen lanak. Saioa 19:00etan hasiko da. 

Israelek okupatutako lurraldeetan girotutako No other land filma emango du Ostarrena zine klubak etzi, ostegunez, Aita Mari aretoan. Saioa 19:00etan hasiko da, eta sarrerak aretoko leihatilan izangod dira salgai, 5 euroan.

Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor zinema zuzendarien film hori iazko Berlingo (Alemania) zinema jaialdian aurkeztu zuten, eta Ikuslegoaren saria eskuratu zuen. Aurten, berriz, film dokumental onenaren Oscar saria eskuratu du. 

Sinopsia

Basel Adra, Zisjordaniako Masafer Yattako ekintzaile gazte palestinarra, haurtzarotik ari da Israelgo agintariek bere komunitatea masiboki kanporatzearen aurka borrokan. Jaioterriaren erauztea dokumentatzen du, non gobernu israeldarrak zabaldutako soldaduek pixkanaka etxeak eraisten eta bertako biztanleak kanporatzen dituzten. Adrak Yuval kazetari israeldarra ezagutuko du, eta bere ahaleginetan lagunduko dio hark. Bien harremana, ordea, elkarren arteko desberdintasun izugarriek definitzen dute: Basel okupazio militarraren pean bizi da, eta Yuval, berriz, aske eta murrizketarik gabe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide