Infantil eta kadete mailetako nesken eta mutilen taldeek Espainiako Txapelketa jokatuko dute, infantilek asteburu honetan eta kadeteek hurrengoan. Amama Pulpoko neska infantilek Kataluniako Les Franqueses herrian jokatuko dute sektorea, Sevilla, Anaitasuna, Molina, Culleredo eta Franqueses etxeko taldearen aurka. Galdona Burdindegia taldeko mutilek, berriz, Pontevedran (Galizia) dute hitzordua, Merida, Leganes eta etxeko As Casiñasen aurka.
Infantil mailako neskek zein mutilek denboraldi bikaina osatu dute. Mutilak Gipuzkoako txapeldun eta Euskadiko txapeldunorde izan dira, eta neskak Gipuzkoako txapeldunorde eta Euskadiko laugarren. "Espainiako txapelketan parte hartzea sari bat da, ondo egindako lanaren ondorioa. Harrobia indartsu dator eta horrek ilusioa eragiten du", dio Narbaizak.
Harrobia indartsu datorrela dio, kadete mailan ere Euskal Ligako bi taldeek denboraldi zoragarria osatu dutelako. Taosako mutilak hirugarren izan dira Euskal Ligan eta txapeldunorde Kopan, eta neskak laugarren izan dira Euskal Ligan. Hauek ere Espainiako Txapelketarako sailkatu dira. Creados Pulpoko neskek Kataluniako Molins de Rei herrian jokatuko dute sektorea, Montequinto, Agustinos, Calasancio, Alcobendas eta Molinsen aurka, maiatzaren 22tik 25era. Eta Taosa Pulpoko mutilek Iruñean izango dute txapelketa, Galdar, Leganes eta Anaitasunaren kontra.
"Espainiako sektoreetara sailkatzea ez da gure buruari jartzen diogun helburua. Guretzat gehiago da ondo egindako lanaren emaitza. Euskadiko Federazioan 50 klubetik gora gaude (27 Gipuzkoan), eta guztietatik geu gara aurten talde gehien sailkatu ditugunak. Pozik egoteko moduko datua da, adierazten duelako harrobia osasuntsu daukagula. Eta ez dut ahaztu nahi jubenil mailako mutilek ere Euskal Ligako lauko finala jokatu dutela, eta laugarren izan direla Euskal Ligan", osatu du Pulpoko presidenteak.
Denboraldi bikaina
Harrobiko emaitzez gain, Narbaiza oso pozik dago senior mailako mutilek egin duten denboraldiarekin. "Guretzat erronka handia zen Nazionaleko Lehen Mailara igo ondoren mailari eustea, eta lortu dugu. Zailtasunak zailtasun, taldeak oso ondo erantzun du eta hor izango gara datorren denboraldian. Eskerrak adierazi nahi dizkiet jokalariei eta entrenatzaileei lau urteko ziklo honetan egindako ahaleginagatik". Horrez gain, senior mutilen bigarren taldeak ere igoera lortu du eta datorren denboraldian Lurraldeko Lehen Mailan jokatuko du.
Emakumeen senior mailako taldea da klubak gaur egun daukan hutsunerik handiena. Harrobian gehiago dira neskak mutilak baino, baina oso zaila egiten ari zaie senior mailako taldea egonkortzea. Datorren denboraldirako senior mailako taldea osatu, egonkortu eta atzetik indartsu datozen neska gazteei herrian bertan jokatzeko aukera eskaintzea da klubaren hurrengo erronka.