Euskaraldia 2025

Euskaraldiko txapak soinean jartzeko unea heldu da

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 15a, 12:55

Euskaraldiko hamaikakoaren aurkezpena. (Julene Sorarrain)

Gaurtik maiatzaren 25era bitartean egingo dute euskara ardatz duen ariketa. Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egingo dute gaur arratsaldean Zumaian, 18:30ean hasita.

Urte hasieratik gaur arte egindako aurretiko lan, bilera eta hamaikakoen eratze eta aurkezpen guztien fruitua ikusiko da gaurtik aurrera. Gaur hasi eta maiatzaren 25era bitartean egingo dute Euskaraldia Euskal Herrian, baita eskualdeko herrietan ere.

Euskaraldiari ongietorria emateko ekitaldi sorta prestatu dute Urola Kostako herrietan. Zumaian, kalejiran joango dira Beheko plazatik Amaiako plazara, 18:30ean, Astindu dantza elkarteak aurtengo Euskaraldirako sortu duen koreografia dantzatuz. Behin Amaiako plazan, 19:00etan, suziriak botako dituzte, eta elkarrekin jarriko dituzte txapak.

Aurrera begira, eta ariketak iraungo duen 11 egunetan, askotariko ekitaldiak egingo dituzte.

Euskara aktibatzera

Euskararen erabilera indartzea helburu duen ariketa soziala da Euskaraldia. 2018ko abenduan egin zuten lehendabizikoz hiztunen hizkuntza ohituretan eragiteko, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko asmoz. Norberaren hizkuntza portaeren eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea ere bazuen helburu mugimendu hark. 2020an etorri zen bigarren aldia, COVID-19ak eragindako izurriteak baldintzatu zuena, eta handik bi urtera, 2022an, egin zuten hirugarren edizioa. Aurtengoa izango da Euskaraldiaren laugarren aldia, eta Elkar mugituz egingo dugu lelopean dator. Iazko urrian egindako aurkezpenean adierazi zuten bezala, «aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan duen eraginean» jarriko du arreta ariketak. Aurreko edizioekin alderatuta, badu berrikuntza nagusi bat aurtengoak: Euskaraldiaren lehen hiru aldiak udazkenean egin zituzten; aurtengoa, aldiz, udaberrian izango da. Aldatuko ez dena ariketaren iraupena izango da: ekintzan izena eman duten belarriprest eta ahobizi-ek 11 egunez beteko dituzte beren rolak.

Izan ere, Euskaraldiaren hasieratik definitutako bi rol horiek mantendu dituzte aurten ere. Ahobizi-ak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten saiatuko dira une oro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzte, eta horiek euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko dute. Belarriprest-ek, aldiz, euskara dakitenei eskatuko diete beraiekin euskaraz hitz egin dezatela. Azken batean, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea da Euskaraldiak proposatzen duena.

Urola Kosta eskualdean 6.544 norbanakok eta 454 entitatek eman dute izena Euskaraldian

Apirilaren hasieratik izan da ariketa sozialean izena emateko aukera, Euskaraldiaren webgunean nahiz herriz herri jarri dituzten postuetan. Lehendabizi, entitateek (saltokiak, tabernak, enpresa txikiak) izan zuten izena emateko aukera, eta, ondoren, norbanakoek. Aste honen hasierara arte bildutako datuen arabera, Urola Kosta eskualdeko herrietan 6.544 norbanakok eman dute izena Euskaraldian. Entitateei dagokienez, berriz, 454 enpresa txikik, tabernak eta saltokik egin dute bat ariketarekin. Zumaian, 1.008 norbanakok eman dute izena, eta 155 entitatek.

Denek ere gaurtik aurrera eraman ahal izango dituzte aukeratutako rolaren txapak paparrean. Txapa horri H hizkia ezartzen diotenek, gainera, hitanoaren erabilera areagotzeko ahalegina egingo dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide