Basque Team fundazioak emandako beka jasoko du Janire Gonzalez-Etxabarrik

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 16a

Janire Gonzalez Etxabarri, Marokon jokatutako txapelketan. (Damien Poullenot)

80 kirolarik jasoko dute bikaintasunezko lehiaketara bideratutako diru laguntzak, eta horien artean izango da surflari zumaiarra, eskualdeko beste bost kirolarirekin batera. 

Bikaintasunezko lehiaketara bideratutako diru laguntzak edo bekak eman ohi ditu Basque Team fundazioak. Fundazioko patronatua bilduta, beka horietara bideratutako diru kopurua 991.500 eurokoa izango dela iragarri du. Laguntza jasoko duten lagunen zerrenda ere plazaratu du fundazioak. 80 kirolarik (40 emakume eta 40 gizon), hemeretzi entrenatzailek (hamasei gizon eta hiru emakume) eta hiru epailek (emakume bat eta bi gizon) jasoko dituzte aurrerantzean beka horiek. 

Kirolari horien artean da Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra. Iazko udan Parisko Olinpiar Jokoak lehiatu zituen zumaiarrak. Egun, mundu mailako QS (Qualifying Series) liga lehiatzen dabil eta bederatzigarren da rankingean. 

Eskualdeko beste bost kirolari ere aukeratu ditu fundazioak laguntzen onuradun izateko: Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra, Nadia Erostarbe eta Keoni Lasa surflari zarauztarrak, eta Orioko sofbol taldean aritzen diren Sara Loidi oriotarra eta Esti Alvarez zarauztarra.

Baldintza zorrotzak

Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza zorrotzak jartzen ditu Basque Team fundazioak. Aurreko denboraldian lortutako emaitzak baloratzeko irizpide zorrotzak bete behar dira, bai markei dagokienez, bai parte-hartzeari dagokionez, maila absolutuan, nazioarteko txapelketa eta lehiaketetan: Europako txapelketak, Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak.

Bekadunek, laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikoak, laguntza teknikoak, fisioterapia eta berregokitze zerbitzuak, kirol psikologiako zerbitzua, irudi eta komunikazioko zerbitzua eta arlo akademikoko eta lan-munduan sartzeko aholkularitza jasoko dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide