Bi film emango dituzte asteburu honetan Zumaiako Aita Mari zinema aretoan. Gaurtik biharrera Sorda filma eskainiko dute, egunera, 19:30ean, eta igandean, 17:00etan, haurrentzako saioa izango da Kaixo, Frida! filmarekin. Emanaldietarako sarrerak aurrez eros daitezke sarrerakzumaia.eus webgunean.
Eva Libertad zinemagileak idatzi eta zuzendutako drama da Sorda. Filma antzezten duten aktoreen artean zumaiar bat dago, Elena Irureta, hain zuzen. Saioak gaur, bihar eta etzi izango dira, 19:30ean.
Angela gorra da. Bikotekidearekin bizi da —Hector du izena, eta badu entzumena—, herritxo batean, eta zeramika estudio batean egiten du lan. Angela haurdun dago, eta, bikotekidea haurra jaiotzeko gogotsu badago ere, amaren gortasuna eritasun genetiko baten ondorioa denez gero haurrak %50eko probabilitatea du gorra izateko. Txikia jaio arte, ezingo dute jakin zer portzentajeren parte izango den, eta horrek bereziki kezkatzen ditu bai Angela, baita haren gurasoak ere —haiek entzuteko gai dira—.
Igande arratsaldean, berriz, 17:00etan hasita, Kaixo, Frida! filma emango dute. Frida Kahlo neskato bakarti eta grinatsuaren istorioa da hau. Coyoacán koloretsu eta zirraragarrian hazi da, Mexikon, eta bere jakingurak ez du mugarik. Inguruan duen guztian aurkitzen du inspirazioa; naturan edo artean, adibidez. Bizitzak zailtasunak dakarzkionean, Fridak irudimen ikaragarriarekin egiten die aurre, eta mina sormen bihurtzen du.