3x3ko Gipuzkoako saskibaloi txapelketa jokatuko dute bihar Zumaian

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 17a

3x3ko saskibaloira jokatzen. (PxHere)

U17 kategoriako txapelketa izango da eta gizonen zein emakumeen partidak jokatuko dituzte Beheko plazan jarriko dituzten pistetan. Haurrei zuzendutako saioa bertan behera utzi du federazioak, parte hartze urria dela eta.

3x3ko Gipuzkoako saskibaloi txapelketa jokatuko dute bihar Zumaian. Beheko plazan egingo dute kirol jarduera, horretarako espresuki jarritako bi pistatan. Eguraldiak lagunduko ez balu, Herri Eskolako aterpera lekualdatuko dute txapelketa.

U17 (17 urtez beherakoak) kategoriako jarduera izango da, eta emakume zein gizonen txapelketak jokatuko dituzte. Gizonetan bederatzi taldek eman dute izena eta zortzi emakumeetan. Talde parte hartzaileak bi multzotan banatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko hiru lehenek, gizonetan zein emakumeean, azken fasea jokatuko dute. Partidak 20 minutukoak izango dira.

Gizonen txapelketa goizez jokatuko dute, 10:00etatik aurrera. Emakumeena, berriz, arratsaldez, 16:00etan hasita. Haren amaieran jokatuko dute irabazleak erabakitzeko azken partidak.

Eskualdeko bi klub arituko dira txapelketan: Azpeitiko Iraurgi SB eta Zarauzko Zast Zarautz. Lehian arituko diren beste klubak Ointxe!, Atlético San Sebastian, Easo Basket, Ordizia, Askatuak SKT, Goierri K.E eta Antigua Luberri izango dira.

Erakustaldi gisa, haurren saioa antolatzeko asmoa zuen Gipuzkoako saskibaloi federazioak, baina izandako parte hartze urriagatik jarduera hori bertan behera uzteko erabakia hartu du erakundeak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide