Taosa igeriketa taldeak antolatuta, Igerilari osoa izeneko Gipuzkoa mailako proba jokatuko dute bihar, igandean, Lubaki kiroldegiko igerilekuan. Bertan, benjamin mailako (2014. urtean jaiotakoak) kirolari gazteak arituko dira. 10:00etan hasiko dituzte lehen txandak.
Proba horrek badu berezitasun bat, eta da parte hartzaile bakoitzak igeriketako lau estiloak landu beharko dituela, hau da, tximeleta, bular, bizkar eta estilo librea. Jarraian, taldekako erreleboko probak egingo dituzte.
Guztira, lurralde osoko 80 igerilari inguru bertaratuko direla aurreikusi du Zumaiako igeri taldeak. Ondorengo fasera sailkatzeko gutxieneko marka egin beharko dute igerilariek.