Euskal Ligara igotzeko finala jokatuko du bihar Zumaiakok

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 16a

Historia egin nahi dute Zumaiakoren Ohorezko Erregional mailako emakumeek. (Maria Lopez)

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako Zumaiakoren taldeak Touringen aurka jokatuko du bihar Aita Marin, 15:30ean. Zaletuei dei egiten die klubak taldea animatzera joateko. 

Zumaiako Futbol Taldeko emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldea Euskal Ligara igotzeko aukerekin heldu da denboraldi amaierara. Liga amaitzeko partida bakarraren faltan, estu daude gauzak kategoriako goiko postuetan: Antiguoko da lehena, 63 punturekin; Oiartzun dago bigarren postuan, 62rekin; eta Zumaiako eta Intxaurdi hirugarren eta laugarren dira, hurrenez hurren, biak ere 61 punturekin. Liga lehen postuan amaitzen duena zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak igoerako play offa jokatuko du. Beraz, datorren asteburu honetan final bat baino gehiago izango da jokoan.

Zumaiakok Errenteriako Touring hartuko du etxean, Aita Mari futbol zelaian, bihar, larunbata, 15:30etik aurrera. Sailkapenean bederatzigarren den Touringek ez du ezer jokoan, baina ez dizkio gauzak erraz jarriko Zumaiakori. 

Bere aldetik, Antiguokok eta Oiartzunek elkarren aurka jokatuko dute, eta Intxaurdik Bergaran izango du partida. Beraz, partida hauetan izango den emaitzek erabakiko dute zer talde igoko den zuzenean Euskal Ligara eta nork jokatuko duen igoerako play offa.

Zaletuei deia

Bihar jokatuko duten partidaren garrantziaz ohartuta, Zumaiako Futbol Taldeak dei egin nahi die zaletuei klubeko emakumeak animatzera gerturatzeko. "Gurekin historia egitera etor zaitezte!", aldarrikatu dute sare sozialetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide