Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolak 2025-2026 ikasturtean jarri du dagoeneko mira. Aurtengo kurtsoa oraindik amaitu ez badute ere, hurrengorako matrikulazioa zabalduko du datorren astelehenean, hilaren 19an. Hurrengo astelehenera, maiatzaren 26ra bitartean egongo da eskola horretako jardueretan apuntatzeko aukera.
"Helburu nagusiena edozein adineko pertsonei antzerkia, dantza eta musikaren arloetan prestakuntza praktikoa ematea da, eta aldi berean interesa edo bokazioa dutenei lanbide-heziketarako prestaketa ematea", adierazi du Zumaiako eskolako zuzendaritzak. "Aukera zabalak eskaintzen dira, joera desberdinak landuz, bai bakarkako lanetan baita taldean ere", gaineratu du.
Izenak eskolak Ubillos jauregian duen egoitzako idazkaritzan emango dira. Astelehenean eta ostiralean goizez izango da zabalik, 11:00etatik 13:00etara, eta astearte, asteazken eta ostegunetan arratsaldez, 16:30etik 18:30era.