Biderbost laukoteak bere bigarren diskoa atera berri du. Zamalanak du izena diskoak, eta sei abestiz osatutako EPa da. Pasa den ostiraletik entzungai dago plataformetan, Bandcampen, Youtuben eta Spotifyen.
Beñat Fernandezek (ahotsa, gitarrak, perkusioa eta sintetizadoreak), Mikel Larrañagak (gitarrak, sintetizadoreak eta koruak), Imanol Balentziagak (baxua eta gitarra) eta Ibon Gorritik (bateria eta perkusioa) osatzen dute Biderbost taldea.
Aurtengo martxoan sartu ziren taldekideak Jurgi Taboadak Zumaian duen Ozen Estudioan. Egindako lanaren lehen emaitza duela hilabete argitaratu zuten Zanbuila I abestia izan zen. Kanta horrek eta beste bostek osatzen dute laukotearen bigarren diskoa, 2024an plazaratutako taldearen izen bereko Biderbost EPari jarraipena ematen diona.
Abesti propioek osatzen dute diskoa, Mark Laneganen Hit The City kantaren bertsioa den Hemen naiz hiri izan ezik. Clara Husterrek abestu du kanta horretan Beste abesti batean, Haizearen menpen, Maialen Velarderen kolaborazioa izan dute: bereak dira abestiko letrak.