Iaz egin bezala, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak emanaldi berezia prestatu du kurtso amaierarako. Izan ere, belaunaldi desberdineko zumaiarrak elkartuko dira datorren asteartean, hilaren 20an, 17:30ean, Odietan frontoian. Musikaren bueltan bat egingo dute haurrek, helduek eta nagusiek. Emanaldian parte hartuko dute Musika eta Dantza Eskolako ikasle guraso eta irakasleak, Branka eta Itsasargi zerbitzuetako erabiltzaileek eta Zumaiako Musika Bandak.
Duela hiru urte, "zerbitzu osoago" bat eskaini nahian, bere jarduera eguneko zentroea, egoitzetara eta tutoretzapeko etxeetara zabaltzeko hautua hartu zuen Musika eta Dantza Eskolak. Proiektua zabaltze aldera, aurten San Juan Egoitzan, Otezuri zentroan eta Brankan kontzertuak ematen hasi dira eskolako irakasleak.
Eskolako kideen arabera, musika "tresna baliotsua" da giza harremanak sendozeko, emozioak lantzeko eta buru osasuna sustatzeko. "Bizitzan beti presente dugun tresna indartsua da [musika[, bere espresio eta emozio indarari esker onura asko dituena", nabarmendu dute.
Musikarekin egiten ari diren lanketaren barruan, kurtso honetan Brankako bederatzi erabiltzailek eman dute izena, eta Itsasargi programako zazpik. "Itsasargira bi astean behin joaten gara klaseak ematera; Brankara, berriz, astero. "Ordu bateko saioak izaten dira eta oso harrera ona ematen digute".
Egindako lanaren emaitza ikusgai izango da asteartean Odieta frontoian. "Emanaldi honetarako hainbat entsegu egin ditugu, umore onez eta ilusioz, bai eskolan, Brankan eta Itsasargin. Eskertzekoa da erabiltzaile eta ikasleen ilusio eta umorea, gurasoen jarrera, berauen parte hartzeko borondate eta gogoa". Emanaldi "oso berezia" dela diote, "hainbat belaunaldi desberdin elkartzeagatik. Helburua partaide guztiak musikaz gozatzen ikustea da, bizipen bat izatea".